2015(e)ko urriaren 26(a), astelehena

HITZALDI BATZUEZ


HITZALDI BATZUEZ

Oso une gozoak eman ditugu azkenaldion Durangoko museoan. Atxagak “harri baten inguruko gogoeta” moduan mozorrotu zigun literaturaren heriotzaren eta zientzia humanistikoen balioaren gaineko hitzaldia. Oso bere estiloan eta etxeko gertakari baten kontakizunetik  abiatu – letrak ikasi nahi dituen alaba dela-eta, gurasoek entzun behar dituzten ingurukoen erruki hitzak-, harri bitxi baten jatorriari buruzko materialista eta idealistek dituzten azalpenen interpretazioetatik igaro eta literaturaren defentsa sutsua egin zuen, literatur kontakizunak batuz gero, kontzientziaren deskribapena genukeela esaterainoko jario ederrean.

Belen Bengoetxearen eskualdeko historiaren inguruko bidaia ere oso ondo kontatuta egon zen. Irakasle direnek, alorra menperatzeaz gain, transmititzen ere badakite. Noizean behin errepasatu behar izaten dira kronologian zehar kofradi, elizate, hiribildu, merinalde eta abarrek gure bizitzaren antolaketarako egin zituzten ahaleginak eta gobernatzen gaituzten erakundeen jatorri eta zergatia.

Joan zen astean, berriz, Juan Manuel González Cembellín-ek Margarita Maturanaren bizitza eta lana aurkeztu zizkigun. Zelako ezuste atsegina! Borrokalari handia, sozialista eta feminista, klausurako moja misiolariaren mugetan zirrikituen bila.

Eskerrak antolatzaile guztiei eta honelakoen zabalkundean ahaleginak handitu, literaturaren heriotzaren garaian izpirituak elikagaia behar du eta, ez baita jende asko ikusten kultur ekitaldi mota hau kontsumitzen.

Anboto Astekarian argitaratua 2015eko urriaren 23an.

2015(e)ko irailaren 10(a), osteguna

Etika eta etikoa


Etika eta etikoa

Bitxia egin zait egunotan, LOMCE-k filosofia baztertu duen honetan, etika eta moralari buruzko hainbat aipamen entzutea berri emankizunetan.

Badirudi alor horietako terminoen beharra dugula Siriako errefuxiatuen arazoan erakundeen portaera zein beharko lukeen erabakitzean, GKEen irizpideak ebaluatzean edo eta norbere  iritzia finkatze-saiakeran. Ezin, bestalde, rally bateko istripuaren errudunak bilatze sotiletan, argudio desberdinak eman lege juridiko hutsei begira: honek hala jokatu izan balu, horrek hori beharko luke egin,…

Zintzotasuna, zuzentasuna, solidaritatea eta antzekoak lantzen dituzte umeek txikitatik eskolan taldeka eta tutoreek gidatuta euren arteko liskar eta harremanak aztertuz. Nerabezaroa da, ordea, gai horiei ikasleen garapenak ahalbidetzen duen kutsu abstraktoagoa eman eta etikaren fundamentoaren ikuspegia jakiteko sasoia.

Gizartean portaera morala ezartzeko adinean filosofia ikasgaiak ez du, ondorioz, banakakoan bakarrik eragiten, gizarte osoan baizik.  Horregatik suposatzen dut Wert legegilearen asmoetan egongo dela gizarte arloko ekonomia eta politika gaiak jorratzean, ikasleek aberastasunaren banaketaren gaineko gogoeta egin dezaten kendutako ikasgaiaren ordez edo zientzen arloko biologiaren aurrerapideak berorien ondorio etikoen ikuspuntuez eztabaida kritikoa sustatzea, esaterako.

Erlijio eta sineskeriak bide erraza dute honelakoekin.


Anboto astekarian argitaratua 2015eko irailaren 11n

2015(e)ko ekainaren 8(a), astelehena

Ogia eta zirkua


Kultura hiri handietako gatazkak estaltzeko tresna gisa erabiltzen dela kritikatu du Manuel Delgado Bartzelonako antropologia irakasleak, 2016 desokupatu mugimenduak gonbidatuta, Donostiako datorren urterako ekimenen harira. Kirolak ere funtzio bera betetzen du?

Zein da errege koparen finalaren aitzakian antolatutakoaren onura? Hango hirian eta hemengo ziutatean bildutakoek sinboloak astindu dituzte, eskuz eta ezpainez. Ostean bertaratuei galdetuta, elkartasuna, emozioak partekatzea eta antzeko erantzunak eman dituzte guztiek. Freudek erakutsi zigun gizabanakoa taldekide bihurtzean, sentimendu batek gidatzen duela, ordura arteko printzipioak baztertzeko gai delarik, onartze akritikoaren alienazio gozoan.

Gainera hor ditugu futbola erlijioaren ordezkoa dela herriaren opio rolerako diotenak. Eta Borges futbola herrikoia dela ergelkeria herrikoia delako esatean. Eta sexismoa… eta bortxakeria… Tentazioa handia den arren, ez da hori gure gaurko eztabaidagaia, halere, baizik eta talde, herri, bandera eta tribu-ikurrekin identifikatzea. Gizakiok joera omen dugu gainontzekoen portaera kuestionatu barik imitatzeko. Menpeko bihurtu denak banakotasuna galdu du.

Ados ereserki eta banderak ez inposatzearen eskaera edo aldarriaz. Inorenak ez. Eta eraikin monumentaletan gutxiago. Eta diru publikoz gutxiago. Neurrian dago bertutea. Baina instituzioak eta enpresa handiak festa horren bultzatzaileen gabarrara igo badira, ogia eta zirkua seguru!


Anboto Astekarian argitaratua 2015eko ekainaren 5ean

 

2015(e)ko martxoaren 27(a), ostirala

Musika (I)


Edertasunaren pertzepzioa subjektiboa da. Horrexegatik hitz egiten da plazer estetikoaz, anegaka saltzen ez delako, istant bat delako kontenplazioa. Hala ere, zenbait adierazpen artistiko gustu unibertsalekoak izan behar dutela, kirtenak, txatxuak edo eskolagabekoak ez direnenak, behintzat.

Edertasuna islatzen ahalegintzen dira artistak, margotzean, idaztean edo konposatzean. Arte horietan maisutasun handiagoa erakusten du eskuartean duen bitartekoaz edertasunez mezua komunikatzen dutenean. Hau da, forma eta hondoa zenbat eta hurbilago egon, orduan eta ederragotzat dugu sorkuntza. Sasoi askok musika arte goren izendatu zuten, agian greziarrei Jainkoek oparitua delako edo musek lehenbizikoz sortu zutena delako. Izan ere, musikaz esaten da arte bakarra dela non adierazlea eta adierazia gauza bera den-diren.

Egunotan Facebook-en ikusi dugu herritar baten auzokideekiko afera: jazz musika ipini omen du etxean, ez hain desorduan ere eta nahiko bolumen bajutxoan, gainera, baina auzokideek demanda egin diote. Ikustekoak dira haren lagunen iruzkinak sare sozial horretan: auzokideen ez-jakintasunaren gainekoak nagusi.

Leku askotan inposatzen zaigu musika gaur egun. Auzokidearenean entzuteaz gain, kalean, tabernetan, jangeletan, ekitaldietan, hondartzan... Esango nuke kutsadura dela horietan guztietan eta urrun dagoela oso plazer estetikotik. Ni behintzat ez nau sekula Stendhal gaitzak jo dentistaren itxarongelan.


Anboto Astekarian 2015eko martxoaren 27an

2015(e)ko otsailaren 20(a), ostirala

Queer teoriak

QUEER TEORIAK

Jende askok uste du emakumeok ez dugula ilerik. Badugu, Baina kendu egiten dugu. Portaera guztien
azalpena eman beharra dugu, gizakiok ez baitugu aitzakia biologisten ostean ezkutatzerik. Portaera ez da geneen programazioan dagoen ezer, baizik eta gure esperientziak sortu duen pentsaera baten ondorio. Kultura da, ez natura.
Gauza bera da sexua. Queer teoriagileek –eta lehenago LGBT mugimenduak- azaldu digute gizarte-
eraikuntzaren ondorio dela hori ere. Horrek desberdintasunak, bazterketak, patologizazioak eta gorrotoa sortzen ditu bikotasuna, rolak eta estereotipoak sortu ahala.
Aristotelesi ikasi genion ezaugarri fisikoen arabera izakiak klasifikatzen. Sailkapenetatik kanpo geratzen zirenak munstroak ziren. Eta dira. Aristotelesen jarraitzaile dira eskola-mutikoari eserita txiza ez egiteko esaten dion hezitzailea edo bularretakoa ez erabiltzeagatik andreari barre egiten dion laguna edo homofobia genero biolentzia ez dela dioen legegilea. Etengabe –eta nahigabe?- ari gara genero politikak egiten. Denok.
Sexu, genero identitate, generoaren espresiobide eta joera sexual desberdinen artean konbinazio
anitzak onartzeko prestatzen hasi behar dugu pixkanaka. Planteamendu biologistak gainditzeko gaitasuna garatu beharrean gaude. Begirada aldatu behar dugu izpiritu kritikoak bagara. Aldaketa garaia da. Kulturan ere bai, balioen aldaketan eragiteko gaitasuna duelako.

Anboto astekarian argitaratua 2015eko otsailaren 20an.

2014(e)ko azaroaren 21(a), ostirala

Jakintzarako bideak


Jakintzarako bideak
 
Jakintzari buruzko gogoeta bat oraingoan, asteko gertakizun bik iradokia.

Bata, alabaren bizitzako filosofiako lehen azterketa:  jakintza lortzeko bideak –arrazionaltasuna eta sentiberatasuna-. Bestea lanean antolatu dugun arte garaikideko gazteen artelanez osatutako erakusketa eta bertara lehengo bisita egin zuten laurogei urtetik gorako pertsonen balorazioak.

Taxista izandako nagusi batek, ez zela bera gelan sartuko, berari kotxeak gustatzen zaizkiolako, lan sasoietan pintore izan denari koadroak gustatzen zaizkion bezala. Beste andre batek, irudiko landareak ez direla hemengoak eta ea zein leku ote den hori, hain landare bitxiak dituena, Tenerife edo… Horrelakoak anekdota hutsetik haratagoko iruzkinek lagunduta: ez dut aditzen, gazteen kontuak, badakizu, zer adierazi nahi du horrek?, eta antzekoak, eskultura gehienak begiratu ere egin gabe, koadroetara ohituago edo, antza. Galderak egiten zituzten eta interesa eta jakin-mina erakutsi zituzten.

Esperientzia interesgarria izan zen lehenbizikoz bizi izandakoa zelako eta gainontzekoetan 30-60 urte bitartekoekin ohituta geundelako. Adin horretakook beste era batera erreakzionatzen dugu ezezagunaren aurrean,harrokeriaz, mesprezuz, ukazioz,… Beldurrez, finean?

Alabari esango diot filosofia irakasleari galdetzeko ea zein bide egin duten nagusiek hain jakintsu izateko.

Anboto astekarian argitaratua 2014ko azaroaren 21ean.

2014(e)ko irailaren 12(a), ostirala

Kulturaren kiroltzea


Kulturaren kiroltzea

 

Lesionatu egin naiz. Gertuko ume bati hori entzundakoan, burua bueltaka hasi zitzaidan. Min hartu dut esango genukeen horren ordez, ezta? Globaltze prozesuaren beste ondorio bat honakoa da: kirolak egun bizimodua, kultura eta ingurugiroa baldintzatzen ditu. Jolasetan gorputza mirestearen inguruko kultura txertatu da, eskola kirolean konpetibitatea, jazkeran marken kirola eta osasunean, berriz, teknifikazio handia. Eta guztietan, hizkera berezi bat eta sexismoa.

Berdintze prozesu honek heterogeneitateari ez dio lekurik uzten. Hezitzaile fisiko eta gizartearen analistek azter dezaten norainoko eremua landu dion marken kirolak boterearen inposaketari. Coubertin joku olinpiko modernoen aitatzat dugun baroi jaunak berak izpirituaren kulturizazioa kirola eta higienearen eskutik zetozela esaten zuen eta gainontzeko herrialdeen konkistarako biderik onena kirolariak beste herrialde batzuetan mirestuak izatea zela.

Hogeigarren mendearen hasieran hasi zen kirola modan jartzen: popularizatu egin zen eta grinak pizteari ekin. Osteko bidearen ondorioz, lekuan lekuko praktiketarako lekurik ez dago, formak gizonezkoek ezarriak dira, eta arropa jakin batzuk ibili behar ditugu, zapatila mota asko eduki, atleta izan nahi dugu eta gorputza landu, eta aisialdiko praktika ludikoa izan behar zuena mediku eta zientzilarien esanen arabera eta telebistan ikusten dugunaren arabera egiten dugu.

 

Anboto astekarian argitaratua 2014ko irailaren 9an