Unibertso paraleloak
Larunbateko bertso txapelketako saioa espejismoa izan zen Durangon. Ezin gara
euskaraz bizi. Horren parean dugu beste kultur gertakari arrakastatsu bat. Apellidos
vascos-en umorera, Euskal Herriaren dimentsiora eta euskal kulturaren deskripziora
makurtu beharra dugu?
Kalean goazela, inguratzen gaituen dena da arrotza: hizkuntza, irudiak, harremanak
egiteko era, bidaia agentziako publizitateko erreferenteak, Shakirari buruzko berria
behin eta berriz irratian (erdal komunikabideen mundu ikuskeratik begiratu beste
erremediorik ez dugu).
Hizkuntza minorizatuko hiztuna izatea borroka da: egunerokotasuna zapalkuntzatik
aldarrikapenera eta buelta.
Joaten dira urtean zehar loretxoak jaiotzen. Esaterako, tradizioko urteko jai txikitxoak.
Baina horien oihartzuna guztiz desagertzen da memoria kolektibotik Ezkurdin La
Nuevo Talismán-en lehen akordeekin.
Bertako produktuak babestu eta denda txikiak gordetzeko adierazpen instituzionalaren
unibertso paraleloan bizi da Landakogune alokatu eta sekulako merkatu ibiltari
erraldoiaren antolatzaileak.
Herriaren aldeko herrigintzak mundu ikuskera globala izanda, gertukoan egiten du lana
eta ez kontrakoa (dirua dugunez, edozer eta handia eta garestia bada, hobe). Jendeari
Rafaela Carra gustatzen zaio-eta. Andra Mariko ikuskizun hartan ere izango ziren
Mendiluze txalotzen beste bi mila lagun.
Udal aurrekontuetan legez onartu beharko da %1a edo, ondarea babesteko gordetzen
den bezala, euskal kultura babesteko? Herri indigenak exotismoz gordetzen dira eta
horretara goaz.
Anboto Astekarian argitaratua 2017ko azaroaren 17an
2017(e)ko azaroaren 17(a), ostirala
2017(e)ko abuztuaren 31(a), osteguna
PROPAGANDA
Kale kantoian gazteak ikusi ditut litxarreriak jan eta zarataka lurrera patxadaz botatzen. Udalak eskatu die paisaia hala sortzen laguntzeko? Ez dakigu, ez baitugu agintarien mezurik jasotzen, zelako herria nahi den azalduz. Laissez faire.
Jaietako musika arautzearen eztabaida behintzat ibili da. Eskerrak! Udalek bere eskumenak gauzatu eta baimenak ematean, baldintzak argi ipini. Eskumena denez, berdin zaigu Uliak eta Sandiak tertulian esango dutena. Tinko bai herritarrei zergen erabilera azaltzean bai kanpokoei zein herritara datozen jakinaraztean.
Berlinen eraikitzen ari diren metro linea berriko obrak hesi batek inguratuak daude. Horretan irudi didaktikoek azaltzen dute zertan ari diren, espero diren onurak, iraupen eta kostua eta hainbat informazio gehiago. Esperientzia dute alemanek propaganda gobernatzean erabiltzen: metroan gazteei kondoiak erabiltzeko esan; garagardo festan, alkohola hartzeko arauak erakusgai jarri; alemana hobetzeko mezuak zabaldu. Neurri jakinen egokitasuna baloratu barik, nahi den herriari buruzko mezuak zabaltzeaz ari naiz.
Berdintasuna, euskara, gazteria eta politiken zehar lerroen alde hartzen diren neurriak azaltzeko “hesiak” behar dira barraka, berbena, turismo bulego eta abarretan. Bestela geure herria marisko feria bat izango da, kartelak gazteleraz dituena, Kolonbiako musika inguruan. Urruneko adibidea al da?
Anboto astekarian argitaratua 2017ko irailaren 1ean
2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena
Culture
CULTURE
Culture ingelesko
hirugarren hitzik “konplexuena” dela irakurri berri dut. Ez esan ez dela tiratu
barik utziko zenukeen haria. Zergatik hirugarrena? Zeintzuk dira beste biak?
Non datza konplexutasuna? Ulergarria egiten zaigu, bestalde, horrela izatea:
izan ere, kultura gizatasunaren muin bada, zail izan behar du derrigor hitz
gutxitan azaltzen. Gainera kontzeptu honek, hizkuntzaren erabilerak hala eskatuta,
esanahia aldatu du denbora joan ahala. Hitzen esanahia kontsentsu bitartez
eratzen dugu gizakiok eta “kultura” kontzeptuaren kasuan, industrializazioaren
kalteei aurre egiteko bitarteko esan nahi izatetik -azken sasoietan adostutako
esanahi bat aipatzearren- kapitalismoaren iturri errentagarrienetako bat bezala
ulertzera joan zaigu. Muturretik muturrera.
Har dezagun jolas moduan eta kultura hitza erabiltzen
dugunean, egin ditzagun aurrerantzean ondoko egiaztapenak. Inkontziente
kolektiboari traizio egin dio nire erabilera honek? Kulturaren hutsalerako bidea
izendatzeko erabili dut? Beste edozertatik baino gehiago merkantilizaziotik
duenaz ari naiz? Elkarbizitzaz hausnarketa egitera bultzatzen gaituen
esperientzia da aipatutako hau? Gizarte zibila eraldatzeko indarra duen
jarduera edo ekimena izendatu dut? Edozein pertsonarentzako eskura dagoen
jarduera batez jardun dut? K handiaz ala k txikiaz ahoskatu dut kultura?
Jolas horretan aritzeagatik baldin bazaie hain konplexu
kontzeptua, bejondeiela!
2017(e)ko martxoaren 10(a), ostirala
Futbolaren kultura
Lanerakoan ezin diet ez ikusiarena egin eraikinetan Bizkaiko futbol taldearen banderei. Kultur
etxeko sarreran aita bat ikusten dut umea ezin liburutegira bultzaka, hau telefono pantaila bati
“Ronaldo, Ronaldo” oihukatuz jolas batekin itsututa dagoela. Haserre dator laguna bazkaltzera,
alabari eskolan irakasleak aurpegia marra zuri-gorriz margotu diolako. Etxerako biribilgunean,
alboan doan eskoltadun autobusak ez du stop-a errespetatu. Jakin dut Ipuruarantz doala,
eskualdeko komunikabideek autobusaren kronika zehatza eman dute-eta, argazki, bideo eta
guzti. Terrazatik gazteak eskolako patioan futbolean entzuten ditut. Irain homofoboak
jasanezinetatik kalera ihesi, Ezkurdiranzkoan badakit zer topatuko dudan. Mutikoak espazio
publiko osoa betetzen baloiari ostikoka, pasiorako bidea oztopatzen. Andramari inguruan,
prest dago tramoia guztia alderdi politiko batek mitina eman dezan. Propaganda kartelean,
Athletic-en ezkutua! Tabernan sartu naiz eta gizon kuadrilla zeharkatu behar izan dut ahal izan
dudan moduan , telebistako partidari garrasika begira bitartean, haserreak itsu. Ogitartekoa
afaltzekotan, telebistapean suertatu zait mahaia. Ezin lasai jan jendea bizkar gainean izanda,
Barça ari zelako. Ohera baino lehen, telebistan iragarkiak erakusten dit jokalari batek etsaiak
gainditzeagatik, emakume talde bat biluzten zaiola saritzat. Ezinezkoa zait lasaitzeko irrati
tertuliarekin oheratu, partida egunetan gai garrantzitsuagoak daudelako.
Mentalitatea, kontzientzia kolektiboa eta ideologiaren ardatz da futbola. Zergatik eman
hainbeste errekurtso bortxakeria eta matxismoa hedatzen dituenari? Ezer ez da berdin. Bihar
arte!
Anboto astekarian argitaratua 2017ko martxoaren 3an
2016(e)ko abenduaren 14(a), asteazkena
Obabatik Bilbora, DA!
Obabatik Bilbora, DA!
Duela aste bi Joseba Sarrionandiak espektakuluaren gizarteari zor dion zerga ordaindu du. Atxagari elkarrizketa horretaz galdetu diote Euskadi Irratian asteleheneroko saioan. Besteak beste, Sarrionandia serioegi topatu duela erantzun du Atxagak. Eta kazetariak, erantzun hori argitzekotan edo, umore faltan sumatu duen galdetu dionean, Sarriren hitzek poesia falta dutela erantzun du idazleak. Poesia eta ez umorea jarri du, beraz, seriotasunaren kontrako horman.
Duela lau urte poesia zer den azaltzen saiatu zen asteasuarra 2012an Joxe Anjel Arbelaitzek zuzendu zuen “Leku hutsak, hitz beteak” dokumentalean. Argia multimedian dugu dokumental osoa ikusi nahi dugun abaguneetarako eskura. Beste aldearekiko konexioa bilatzean kokatzen du poesiaren eremu hori. Dokumentalaren gidoia bera kontakizun ederra da: poetaren ibilbide autobiografikoa bidaia biren bitartez azaltzen du. Joanekoan, Obabatik Bilborakoan, idazle izatea erabakitzen du barneko hutsa bete nahian. Bueltakoa, Obaba sorterrirakoa, idazle lana gauzatzea da eta argitalpenen errepasoa eginez narratzen du: joanekoan deskubritutako planetaren batean gertatzen dira nobela edo sorkuntza guztiak.
Atxaga parafraseatuz esango nuke mundua Obaba ez dela eta badela beste mundu bat eta beste planeta batzuk bilatu beharra sentitzen dugunez, leku hutsak hitzez betetzeko premia dugunez, DA! antolatzaileentzako zorionak eta animorik handiena.Anboto Astekarian argitaratua 2016ko abenduaren 9an.
2016(e)ko irailaren 22(a), osteguna
Polisa, banakako kultura?
Polisa, banakako kultura?
Polisa. Aintzinako Grezian hala esaten zioten hiri-estatuen
asmakizunari. Akropoliak, agorak eta etxebizitzek osatzen zuten: leku publiko
eta pribatuek, beraz. Politika. Polisak, erakunde-lurralde horiek, gobernatzeko
era zen eta da. Lagun libreen elkarbizitzak eragiten zituen arazoak konpontzeko
era zen. Eta da? Justizian oinarritu behar zuen politikak, Platonek
Errepublikan azaltzen duenez. Horrexegatik zen moralaren atal.
Nahiko nuke egunotan buzoietan jaso ditugun koloreetako papertxoetan
horren guztiaren usainik hartu banu. Baina inkestek esaten omen dute
herritarren kezka nagusia ekonomia dela. Eta, ondorioz, papertxoak ekonomiaz
barra-barra. Esaiezu horiei, Platon, justizian eta ongiaren ezagutzan formatuak
izan behar duela Lehendakari.
Errepublica liburuan jasotzen da hiri-estatua antolatu eta
kudeatzeko sistema ideala, Res Publica-ri buruzkoa delako, zera publikoari
buruzkoa. Zelan norbera justiziaz gidatu akropolian, agoran eta etxean?
Pertsonak lotzen dituen eta estatu osatzen duen eremu hori justiziaz gidatzeko
arauak dira/ziren politika. Berriz diot: ongiari eta justiziari ematen zitzaion
nagusitasuna.
Koloreko papertxoak, ordea, banakakoari zuzenduak iruditu
zaizkit. Horregatik ez dago kulturari aipurik. Publikoa dena denona da eta
denon artean eraiki behar dugu, denontzako ona eta justua edo denontzako txarra
eta injustua izango delako. Hori barneratu arte inoren kontu utziko ditugu
umeen hezkuntza, zerbitzu publikoetarako diruen inbertitzea, eraikin eta
espazio publikoen kudeaketa eta abar.
Aberastera doazenen edo izen on bila doazenen erruak geure
kolkoarekin partekatu ostean, berrar dezagun polisa hobetzeko konpromiso etikoa.
2016ko irailaren 23an Anboto Astekarian argitaratua
2016(e)ko ekainaren 24(a), ostirala
Educacioncilla general
EDUCACIONCILLA GENERAL
Vianako Printzeaz azken urteetako kulturako sarituen
zerrenda: historiagilea, idazlea, fisikaria, arkitektoa, margolaria, filosofoa,
jazz musikaria, sopranoa, aktorea, filologoa, ingeniaria, musikagilea,
hizkuntzalaria,… Zein lanbide “nobleak”!
Sari horren banaketaren aurtengo edizioa desberdina izan da.
Alde batetik, Espainiako (eta Nafarroako) errege-erreginak gonbidatu ez
dituztelako eta, bestalde, saritua izan den Ignacio Aranguren Gallués
sarituaren berbengatik. Aranguren irakaslea antzerkia gizartea kohesionatzeko
eta balioak transmititzeko tresnatzat erabili izanagatik hautatu omen du Nafarroako
kultura kontseiluak. Arkeologo, bibolinjole, koreografo eta beste hainbat
langile “noblek” baino bozka gehiago batu ditu Ignacioren hautagaitzak, antza.
Irakasleentzako esker hitzak aukeratu zituen hain ondratu
sentitu zen unean. Bizitza osoan ez omen
du alderik ikusi kultura eta hezkuntzaren artean. Biak ei dira uztarri berekoak
norbere burua eta baita gizartea ere ulertzerakoan. Duela 35 urte sortu zuen
antzerki eskola helburu horrexekin, hain zuzen ere: antzerkia eta hezkuntza
uztartzea.
Hogeita hamabost urte
eta gero hau! esango genuke Oskorri
plagiatuz. Urte horietan guztietan aurrera egin dugu agian eskubideen
defentsan zein gauzatzean. Baina aurrera egin du baita hezibakoen adierazpen
askatasun eta ekintzak ere. Horregatik, 2017ko Viana Printzearen sarirako
hautagai zerrendan, hain lanbide nobledun jendartean, sar itzazue honakoak ere:
homofoboak eta matxistak ez direnak, kalean txistua botatzen ez dutenak,
kartelak behar den lekuetan ipini eta ostean kentzen dituztenak eta bortizkeria
baztertzen dutenak.
Anboto astekarian argitaratua 2016ko
ekainaren 24an
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)