2018(e)ko ekainaren 12(a), asteartea

Arkeologia


Beste inoiz ere erabili izan dut aukera hau gomendio egiteko tartea egin diezaiegun hitzaldiei gure kultur kontsumoaren ohituretan.
Duela aste bi Aitziber González García aritu zen Durangoko Museoan arkeologia feministari buruz. Arkeologia eta historiaren jardunaldietako hirugarren eta azken hitzaldia izan zen.
Ikertzaileak argi azaldu zigun historiak antzinako aroak azaltzen dizkigunean ikuspegi hetero-patriarkala jakintzat, oinarritzat eta eztabaidarik gabeko egituratzat hartua duela. Harrigarriak ziren adibideak. Gaur egungoak ere bai. Matthew Johnson irakurtzeko proposamena egin zigun: errepresioa sortzen duten ideologiak gainditzeko arkeologia zein tresna baliogarria den ikasteko bibliografia ezinbestekoa, antza. Irakurriko dugu.
Arkeologiak lurraren indusketetatik haratagoko jakintzabide gisa ematen dituen fruituei burua zabaltzeko garaia dugu. Araban GAS-ek -gizartearen arkeologia aztertzen duen taldeak- https://grupoarqueologiasocial.wordpress.com/ gunean hainbat azterketa-adibide ematen dizkigu arkeologiaren metodoaren bitartez egungo hainbat gertakariren gainean. Umore tonua ere eskertzekoa da. Aldaketa sozialak, kultur sorkuntzak,… edozein fenomenok beste dimentsio bat hartzen du arkeologiaren ikuspuntutik.
Beste behin ere eskerrak Garazi Arrizabalaga Cabrerizo, Belen Bengoetxea Rementeria eta Durangoko Museoari gure burmuinean klak horiek eragiteagatik.

Anboto Astekarian argitara emana 2018ko ekainaren 15ean.

2018(e)ko apirilaren 27(a), ostirala

Hygee


Hygge
Danimarkarrak munduko zoriontsuenen bilakatu dira, suitzar eta islandiarrei garaikurra irabazi ostean. Bizitzaren aurrean hygge (hu-ga ahoskatzen da) jarreraz lortu dute. Ongizatea bilatzean datza: erlaxatu eta ahalik eta etxekoen sentitu eta bizitzako ardurak ahaztu. Norbere burua zaindu, zigorrik ez hartu, bizitzako uneak atsegin bihurtzen ahalegindu, egunerokotasuna berezi egin eta atsegina bilatu une oro. Etxea bizitzaren agertoki eta sozializatzeko espazio duten herrialdean, abegikortasuna da nagusi, oinarri dituen bost zutabeetan islatuta: giroa, arropa, janaria, jarduerak eta konpainia. Kandelak, egurra eta gai naturalak, kolore beroak, txokolatea ere beroa,… herrialderik hotzenetakoan. Armairua toperaino betetzeaz eta kotxea aldatzeaz ahaztu.
Horrek guztiak partekatzetik hartzen du zentzua, bizi-jarduera ni-gan garatu beharrean, gu-gan garatzetik. Guztion ongizatea bilatzeak eraman ditu helmuga horretara daniarrak eta hala egitearen kontzientzia aldarrikatzen dute.
Kontzientziaren aldarrikapena azkenaldion maizegi entzun ez ote dugun nago. Elikadura kontzientea, kontsumo kontzientea, ez estresatzeko kontzientzia hartu, umeen heziketa kontzientea praktikatu eta abar zabaldu dira aldaketarako giltza eskatzen duten prozesuetan.
Burujabetasuna galdu dugula uste badugu, askatasunaren bidetik aldenduta sentitzen bagara, piztu dezagun kandelatxo bat afalorduan.
Anboto Astekarian argitaratua 2018ko apirilaren 27an.

2018(e)ko otsailaren 8(a), osteguna

Txotxek ereindakoa



Txotxek ereindakoa

Egunotakoek erakusten digute Txotxek herrian utzi dituen hutsunea eta arrastoa. Ikasle ohien omenaldiak dira gehienak. Ez da kasualitatea antzerki irakasle batek eragin izana hori guztia. Bateratzeko indar berezia duten bi elkartzen ziren: antzerkia eta Txotxe. Antzerkigintza indarrak, disziplinak, teknikak, harremanak integratzeko bidetzat jotzen dugunok, Kurutziaga Ikastolak Txotxeren proiektua kurrikulumean integratuta izatea goraipatzen dugu. Izan ere, aktibitatea aurrera ateratzeko lokarria bizitzara hedatzen irakasten baitzuen.

Eneko Sagardoy ikasle Goyadunak Berria egunkariko elkarrizketan aitortzen zion horixe beraxe: “antzerkiak daukan botererik handiena erakutsi zidan… Ispilu lan handia egin zuen nirekin eta beste gazte guztiekin” eta oholtzako lanaz zioena: “jendeari ematen diogun deskantsu bat, baina ez deskantsu pasibo bat; deskantsu hori, gero, are aktiboago bilakaturik aterako da aretotik. (…) Eta ahalik eta gauza gehien aurkitu nahi ditut nik bizitzan, neure baitan eta kanpoan, eta horretarako aukera ematen dit antzerkiak. Hunkigarria da hori.” Aintzinako greziarrek zergatik sortu eta maitatzen zuten tragedia? Pertsonaia norbera garelako.

Maisua zen Txotxe, stricto sensu. Goya sarietako gauean bere aitorpena lortu zuen. Patuaren ironiak. Ikasle bakoitzaren gaitasun edo abilezian antzezlanerako ataza bihurtzen zituen, inor baztertu barik. Maisutzat daukagun Jakoba Errekondok oraintsu Durangon azaldu duen bidetik, esan dezagun kultura cultivare-tik datorrela eta zain dezagun guztion artean Txotxek ereindakoa.

http://josunearanguren.blogspot.com.es/

Anboto Astekarian argitaratua 2018ko otsailaren 9an.

2017(e)ko azaroaren 17(a), ostirala

Unibertso paraleloak

Unibertso paraleloak

Larunbateko bertso txapelketako saioa espejismoa izan zen Durangon. Ezin gara
euskaraz bizi. Horren parean dugu beste kultur gertakari arrakastatsu bat. Apellidos
vascos-en umorera, Euskal Herriaren dimentsiora eta euskal kulturaren deskripziora
makurtu beharra dugu?
Kalean goazela, inguratzen gaituen dena da arrotza: hizkuntza, irudiak, harremanak
egiteko era, bidaia agentziako publizitateko erreferenteak, Shakirari buruzko berria
behin eta berriz irratian (erdal komunikabideen mundu ikuskeratik begiratu beste
erremediorik ez dugu).
Hizkuntza minorizatuko hiztuna izatea borroka da: egunerokotasuna zapalkuntzatik
aldarrikapenera eta buelta.
Joaten dira urtean zehar loretxoak jaiotzen. Esaterako, tradizioko urteko jai txikitxoak.
Baina horien oihartzuna guztiz desagertzen da memoria kolektibotik Ezkurdin La
Nuevo Talismán-en lehen akordeekin.
Bertako produktuak babestu eta denda txikiak gordetzeko adierazpen instituzionalaren
unibertso paraleloan bizi da Landakogune alokatu eta sekulako merkatu ibiltari
erraldoiaren antolatzaileak.
Herriaren aldeko herrigintzak mundu ikuskera globala izanda, gertukoan egiten du lana
eta ez kontrakoa (dirua dugunez, edozer eta handia eta garestia bada, hobe). Jendeari
Rafaela Carra gustatzen zaio-eta. Andra Mariko ikuskizun hartan ere izango ziren
Mendiluze txalotzen beste bi mila lagun.
Udal aurrekontuetan legez onartu beharko da %1a edo, ondarea babesteko gordetzen
den bezala, euskal kultura babesteko? Herri indigenak exotismoz gordetzen dira eta
horretara goaz.

Anboto Astekarian argitaratua 2017ko azaroaren 17an

2017(e)ko abuztuaren 31(a), osteguna

PROPAGANDA

 
Kale kantoian gazteak ikusi ditut litxarreriak jan eta zarataka lurrera patxadaz botatzen. Udalak eskatu die paisaia hala sortzen laguntzeko? Ez dakigu, ez baitugu agintarien mezurik jasotzen, zelako herria nahi den azalduz. Laissez faire.
Jaietako musika arautzearen eztabaida behintzat ibili da. Eskerrak! Udalek bere eskumenak gauzatu eta baimenak ematean, baldintzak argi ipini. Eskumena denez, berdin zaigu Uliak eta Sandiak tertulian esango dutena. Tinko bai herritarrei zergen erabilera azaltzean bai kanpokoei zein herritara datozen jakinaraztean.
Berlinen eraikitzen ari diren metro linea berriko obrak hesi batek inguratuak daude. Horretan irudi didaktikoek azaltzen dute zertan ari diren, espero diren onurak, iraupen eta kostua eta hainbat informazio gehiago. Esperientzia dute alemanek propaganda gobernatzean erabiltzen: metroan gazteei kondoiak erabiltzeko esan; garagardo festan, alkohola hartzeko arauak erakusgai jarri; alemana hobetzeko mezuak zabaldu. Neurri jakinen egokitasuna baloratu barik, nahi den herriari buruzko mezuak zabaltzeaz ari naiz.
Berdintasuna, euskara, gazteria eta politiken zehar lerroen alde hartzen diren neurriak azaltzeko “hesiak” behar dira barraka, berbena, turismo bulego eta abarretan. Bestela geure herria marisko feria bat izango da, kartelak gazteleraz dituena, Kolonbiako musika inguruan. Urruneko adibidea al da?

Anboto astekarian argitaratua 2017ko irailaren 1ean

2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena

Culture

CULTURE
Culture ingelesko hirugarren hitzik “konplexuena” dela irakurri berri dut. Ez esan ez dela tiratu barik utziko zenukeen haria. Zergatik hirugarrena? Zeintzuk dira beste biak? Non datza konplexutasuna? Ulergarria egiten zaigu, bestalde, horrela izatea: izan ere, kultura gizatasunaren muin bada, zail izan behar du derrigor hitz gutxitan azaltzen. Gainera kontzeptu honek, hizkuntzaren erabilerak hala eskatuta, esanahia aldatu du denbora joan ahala. Hitzen esanahia kontsentsu bitartez eratzen dugu gizakiok eta “kultura” kontzeptuaren kasuan, industrializazioaren kalteei aurre egiteko bitarteko esan nahi izatetik -azken sasoietan adostutako esanahi bat aipatzearren- kapitalismoaren iturri errentagarrienetako bat bezala ulertzera joan zaigu. Muturretik muturrera.
Har dezagun jolas moduan eta kultura hitza erabiltzen dugunean, egin ditzagun aurrerantzean ondoko egiaztapenak. Inkontziente kolektiboari traizio egin dio nire erabilera honek? Kulturaren hutsalerako bidea izendatzeko erabili dut? Beste edozertatik baino gehiago merkantilizaziotik duenaz ari naiz? Elkarbizitzaz hausnarketa egitera bultzatzen gaituen esperientzia da aipatutako hau? Gizarte zibila eraldatzeko indarra duen jarduera edo ekimena izendatu dut? Edozein pertsonarentzako eskura dagoen jarduera batez jardun dut? K handiaz ala k txikiaz ahoskatu dut kultura?
Jolas horretan aritzeagatik baldin bazaie hain konplexu kontzeptua, bejondeiela!


Anboto astekarian argitaratua 2017ko maiatzaren 26an

2017(e)ko martxoaren 10(a), ostirala

Futbolaren kultura


Lanerakoan ezin diet ez ikusiarena egin eraikinetan Bizkaiko futbol taldearen banderei. Kultur
etxeko sarreran aita bat ikusten dut umea ezin liburutegira bultzaka, hau telefono pantaila bati
“Ronaldo, Ronaldo” oihukatuz jolas batekin itsututa dagoela. Haserre dator laguna bazkaltzera,
alabari eskolan irakasleak aurpegia marra zuri-gorriz margotu diolako. Etxerako biribilgunean,
alboan doan eskoltadun autobusak ez du stop-a errespetatu. Jakin dut Ipuruarantz doala,
eskualdeko komunikabideek autobusaren kronika zehatza eman dute-eta, argazki, bideo eta
guzti. Terrazatik gazteak eskolako patioan futbolean entzuten ditut. Irain homofoboak
jasanezinetatik kalera ihesi, Ezkurdiranzkoan badakit zer topatuko dudan. Mutikoak espazio
publiko osoa betetzen baloiari ostikoka, pasiorako bidea oztopatzen. Andramari inguruan,
prest dago tramoia guztia alderdi politiko batek mitina eman dezan. Propaganda kartelean,
Athletic-en ezkutua! Tabernan sartu naiz eta gizon kuadrilla zeharkatu behar izan dut ahal izan
dudan moduan , telebistako partidari garrasika begira bitartean, haserreak itsu. Ogitartekoa
afaltzekotan, telebistapean suertatu zait mahaia. Ezin lasai jan jendea bizkar gainean izanda,
Barça ari zelako. Ohera baino lehen, telebistan iragarkiak erakusten dit jokalari batek etsaiak
gainditzeagatik, emakume talde bat biluzten zaiola saritzat. Ezinezkoa zait lasaitzeko irrati
tertuliarekin oheratu, partida egunetan gai garrantzitsuagoak daudelako.
Mentalitatea, kontzientzia kolektiboa eta ideologiaren ardatz da futbola. Zergatik eman
hainbeste errekurtso bortxakeria eta matxismoa hedatzen dituenari? Ezer ez da berdin. Bihar
arte!

Anboto astekarian argitaratua 2017ko martxoaren 3an