2019(e)ko otsailaren 25(a), astelehena

Demokraziaren kultura


Erabilera ohikoenean demokrazia hitza eskubideen bermea izendatzeko darabilgun arren, demokrazia kultur sistema osoa da. Zein eratara, ba, gara demokrata sistema horretan egunerokoan? Etxean, kalean, lanean,… garatzen ditugun balore-jarrerek erakutsiko dute zein demokrata garen. Legaltasun demokratikoaren arabera jarduteko era horrek bizikidetzarako konpromiso morala behar du izan.
Klientelismoa kulturan ondo sustrai hartua dugun inguruan, errazena urak dakarrena irenstea da. Horixe besterik ekarri ezin duelakoan, irentsi beharrekoa delakoan,... Determinismoa? Jainkoak emana? Itsasgorak besterik ote dakarren ikusteko lepoa jiratu ere egin gabe. Laissez faire, laissez passer inguruak isilik elikatzen duen jarrera da.
Aldatu nahi duenak, ordea, ez du egiten urak dakarrena aztertzekotan, baizik eta, justizia helmuga hartuta, justizia bera duelako xede. Greziarrek demokrazia asmatu zutenean argi zuten legeak zuela agintea, ez agintariak. Lege onak jakituriaren hazitik jaio dira eta elkartasun eta justiziarako bidean hazten dira.
Egunerokotasuna goitik behera antolatua ematen diguten era geldoan bizitzeak inoren iritziak norbere egitea ere badakar. Horiek ez dira jarrera neutro, inozente eta errugabeak. Makurkeria morala adierazteko era horiek guztiak, izatez, jarrera baten alde egitea da: autoritarismoa, intolerantzia, lotsagabekeria eta erantzukizun eta errespetu eza. Demokraziaren kultura eza.
Anboto Astekarian argitaratua 2019ko otsailaren 15ean.

2018(e)ko azaroaren 15(a), osteguna

Welcome eskuliburua



Pentsatu eskuliburu bat idatzi behar dugula gure artera datozenei emateko eta bertan Euskal Herriak eman eta eskatuko dienaz nahi bezain luze jardun dezakegula. Zerbitzu sozialek egiten dute baina pertsona jakinen premietara egokituta egin ere. Gure asmoa bestelakoa litzateke eta bizikide berri horiez gain Erasmus beka bati esker gure artean ikasturtea emango duenak, enpresaren egitasmo berria garatzera sasoitxo baterako datorrenak, turistek (hitzak barnean hartzen baititu etorkin ilegalak) eta arrazoia edozein dela medio bizikide izango ditugunek irakurri eta barneratuko luketen eskuliburua ari gara idazten.
Erabaki dezagun, beraz, zer jaso eskuliburu horretan. Oinarrizko zerbitzu sozial eta antzekoei buruzko orrialdeez gain, adostu dezagun zertaz idatzi. Euskaraldia? Erasoaren inguruan gizona “zuria” izatea aipatu izanaren inguruko eztabaida? Oñatiko migratzaileentzako zentroa eredugarritzat aipatzen dela? Eskoletako kurrikuluak pixkanaka zeharkatzen duen aniztasunaz zer ulertzen dugun? Etorri-berria Halloween gaueko ikaratik sendatu gabeko MTV Sariekin gozatzen ari den Black Friday-rako bidean doan herri batera heldu dela jabetuko da berehala, eskuliburu beharrik gabe.
Badakit leku batzuetan egiten dela eta etorri-berriari harrera egitean argi azaltzen zaiola zein den gizarte haren printzipio gidaria, kultura harrotasunez erakusten zaiola eta horretara baldintzatzen dela onarpena eta osteko elkarrekin eraikitzea. Globalizazioa eta migrazioaz identitatearen eraikuntzatik hitz egiten duenik ez dut entzuten.
http://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2018ko azaroaren 19an

2018(e)ko irailaren 17(a), astelehena

Bertoko (eta bertako)


Bertoko (eta bertako)

Bai berba potoloa, ahoa betetzen duten horietakoa. Izugarri maite duguna. Harrotasuna eta beste pizgarri batzuk jaioarazten dituena gure barneetan.
Udako honetako gertakari bi. Aurrena, jatetxe batean menua bertako hizkuntzan eskatutakoan entzun behar izandakoa: “Beste hizkuntza batean ere nahi duzu? Hirugarrena litzateke!”. Bigarren gertakaria, oroigarri merke-merkea erostean, saltzaileak egin zigun opari-eskaintza: “Platertxoan agertzen den hitza bertoko hizkera dugu, galtzen ari da baina hitz egingo dizuet, aditu ahal izan dezazuen”. Zein gertakari gertatu da Bretainian eta zein Euskal Herrian? Jolastu hipotesi biekin, erakusten duten egoerekin eta iragartzen dituzten ondorioekin. Bertokoa: harrotasuna?

Estitxu Izagirrek irailaren 5ean Argian idatzi duen “200.000 turista Gaztelugatxen harrotzekoa eta 3.000 migrari EAEn larritzekoa?” gogoetan parte hartzen duten beste hitz batzuk hartu: biotipo, babestu, hondakin, harrera, babesgune, … Turista kopuruak eta ez beste ezerk ezartzen du udaren arrakasta erakundeen balorazioan. Bitartean, herritarrak, auzolanean, plastikozko ontziak jasotzen.

Eta azken lerroek abuztuaren 13an Donostiako jaietako bertso saioan Maialen Lujanbio irakasle jakintsuak bota zuenari lapurtuta: “Hiri estandar bat bihurtzea / hartua dute eredu. Guk daukaguna erakusteaz,/ jakina, harro geunden gu./ Ta lehen ginena ez garenean, / zer erakutsiko degu?

Sasoiz gaude? Badakigu zer den bertokoa?

Anboto astekarian argitaratua 2018ko irailaren 14an

2018(e)ko ekainaren 12(a), asteartea

Arkeologia


Beste inoiz ere erabili izan dut aukera hau gomendio egiteko tartea egin diezaiegun hitzaldiei gure kultur kontsumoaren ohituretan.
Duela aste bi Aitziber González García aritu zen Durangoko Museoan arkeologia feministari buruz. Arkeologia eta historiaren jardunaldietako hirugarren eta azken hitzaldia izan zen.
Ikertzaileak argi azaldu zigun historiak antzinako aroak azaltzen dizkigunean ikuspegi hetero-patriarkala jakintzat, oinarritzat eta eztabaidarik gabeko egituratzat hartua duela. Harrigarriak ziren adibideak. Gaur egungoak ere bai. Matthew Johnson irakurtzeko proposamena egin zigun: errepresioa sortzen duten ideologiak gainditzeko arkeologia zein tresna baliogarria den ikasteko bibliografia ezinbestekoa, antza. Irakurriko dugu.
Arkeologiak lurraren indusketetatik haratagoko jakintzabide gisa ematen dituen fruituei burua zabaltzeko garaia dugu. Araban GAS-ek -gizartearen arkeologia aztertzen duen taldeak- https://grupoarqueologiasocial.wordpress.com/ gunean hainbat azterketa-adibide ematen dizkigu arkeologiaren metodoaren bitartez egungo hainbat gertakariren gainean. Umore tonua ere eskertzekoa da. Aldaketa sozialak, kultur sorkuntzak,… edozein fenomenok beste dimentsio bat hartzen du arkeologiaren ikuspuntutik.
Beste behin ere eskerrak Garazi Arrizabalaga Cabrerizo, Belen Bengoetxea Rementeria eta Durangoko Museoari gure burmuinean klak horiek eragiteagatik.

Anboto Astekarian argitara emana 2018ko ekainaren 15ean.

2018(e)ko apirilaren 27(a), ostirala

Hygee


Hygge
Danimarkarrak munduko zoriontsuenen bilakatu dira, suitzar eta islandiarrei garaikurra irabazi ostean. Bizitzaren aurrean hygge (hu-ga ahoskatzen da) jarreraz lortu dute. Ongizatea bilatzean datza: erlaxatu eta ahalik eta etxekoen sentitu eta bizitzako ardurak ahaztu. Norbere burua zaindu, zigorrik ez hartu, bizitzako uneak atsegin bihurtzen ahalegindu, egunerokotasuna berezi egin eta atsegina bilatu une oro. Etxea bizitzaren agertoki eta sozializatzeko espazio duten herrialdean, abegikortasuna da nagusi, oinarri dituen bost zutabeetan islatuta: giroa, arropa, janaria, jarduerak eta konpainia. Kandelak, egurra eta gai naturalak, kolore beroak, txokolatea ere beroa,… herrialderik hotzenetakoan. Armairua toperaino betetzeaz eta kotxea aldatzeaz ahaztu.
Horrek guztiak partekatzetik hartzen du zentzua, bizi-jarduera ni-gan garatu beharrean, gu-gan garatzetik. Guztion ongizatea bilatzeak eraman ditu helmuga horretara daniarrak eta hala egitearen kontzientzia aldarrikatzen dute.
Kontzientziaren aldarrikapena azkenaldion maizegi entzun ez ote dugun nago. Elikadura kontzientea, kontsumo kontzientea, ez estresatzeko kontzientzia hartu, umeen heziketa kontzientea praktikatu eta abar zabaldu dira aldaketarako giltza eskatzen duten prozesuetan.
Burujabetasuna galdu dugula uste badugu, askatasunaren bidetik aldenduta sentitzen bagara, piztu dezagun kandelatxo bat afalorduan.
Anboto Astekarian argitaratua 2018ko apirilaren 27an.