2020(e)ko otsailaren 11(a), asteartea
Jendajeak
Jendajeak
Ultraeskuindarren gorakadak eta udalaren zurrumurruen aurkako ekimenak behar berari erantzuten diote? Jendajeak ere kultur estereotipoak dira. Erlojua soinean duela alanbran lixiba zabaltzen duen urlia maketoa, inori klaskada entzunarazteko leiho bazterrean arrautzak irabiatzen dituen sandia kanpotarra eta bertokoena baino negar zaratatsuagoa duen nonbaiteko berendia. Trenak ekarritakoak. Ijitoen gurditik eroritakoak. Ez gutarrak. Hezurbakoak, belarrimotzak. Jende-modua.
Etxean jaso ditugun estereotipo nagusiak jatorrian eta etnian sustrai hartuta daude. Geure nortasuna indartu eta ondorioz, inor baztertu. Taldea garela adierazi nahi eta bide batez, gure gizartean ez daudela argi utzi. Berdinak garela aldarrikatu eta nahitaez, desberdinak direla azpimarratu. Beste talde batekoak. Jendaje taldekoak.
Kultura desberdinak erkatzen direnean parametro unibertsal batzuen bitartez egiten da. Hofstedek “burmuinaren softwarea” deitzen dio modu adierazkorrean kulturak erkatzeko bost dimentsioen formulazioari. Sailkatzeko lana errazteko, zein kutxatilatan sartu erabakitzen laguntzen diguten parametroak dira.
Kontua da taldekatze horiek gizartearen mugimenduak ere eragiten dituztela. Identitate soziala eta talde fusioak kezkatzen gaituen garaian, euskaldun eta euskal herritar taldeei batzen bagatzaizkie, horiexei identitatea ematen diotena indartzeko izan dadila. Talde psikologia praktikoa dakiguke nolakoak garen gogoeta egiteko, nolakoak ez garen baino hobe.
Anboto Astekarian argitaratua 2019ko azaroaren 15ean
2019(e)ko irailaren 18(a), asteazkena
“Zentsura” instituzionala
“Zentsura” instituzionala
Gertukook izerditan ikusten ditugu programatzaileak lanean. Jaiak prestatzean, batez ere, gehienen begizko jopuntuan egoten direlako.
Behingoz udako giro etiko-politikoa. Errepikakorrak izan dira argudioak Bilboko jaietako Tanganaren kontzertuaren gaineko eztabaidan. Matxismoa vs. adierazpen askatasuna, zenbait aldaera txikirekin, hala nola giza eskubideak eta diru publikoa. Artista protagonistak, berriz, musikaren balio hezitzailearen gaia mahai-gaineratu du, arrakasta txikiz, ene ustetan.
Udalon eginbeharretara etorri behar dugu nahitaez, beraz. Jaiak hezitzaileak izan behar dute? Adierazpen artistikoak batzuentzako mingarriak izan arren, espazio publikoa merezi du artea izateagatik? Denon diruaz ordaindu behar da gehienei gustatzen zaiena/ez zaiena? Publikoaren gustuak gidatu behar du nagusiki programatzailearen hautapena? Plazetan umeen aurrean edozein mezu zabal daiteke, adierazpen askatasunaren izenean?
Sinetsi horiek guztiak daudela programatzaileen egunerokoan. Eta gehiago. Administrazioak ildo estrategiko zeharkakoak izaten ditu: euskara eta berdintasuna nagusi dira gaur egun edozein alorretako langile publikoren jardunean. Horiek jarraitzeak gainerakoak zentsuratzea esan nahi du? Hautapen guztiak dakar definizioz hautagai batzuen baztertzea.
Zentsura hitz gogorregia arintasunez erabiltzeko. Hanka-sartzea Tangana jaietako udalaren egitarauan programatzean ikusten dut, ez ostekoan.Anboto Astekarian argitaratua 2019ko irailaren 13an
2019(e)ko maiatzaren 30(a), osteguna
Afektibitatearen kultura
Afektibitatearen kultura
Bi politiko zerrendabururen arteko besarkada, mailaz igoko
den futbol taldearen entrenatzailearen jarraitzaileentzako bertsoa, heriotzaren
aurrean isurtzen ditugun malkoak,… Amaigabeak dira adibideak egunerokotasunean.
Emozioak adierazten ditugu. Eta emozioak partekatzen ditugu. Partekatzen
baditugu, seinale da horiek espresatzeko kode bera erabiltzen dugula: kode bera
adierazitakoa eta ulertutakoa bat etor daitezen.
Urteetan antropologia eta gizarte zientziek esan digute
emozioen gaia ez dela euren jakintza arlokoa eta medikuntzaren aztergaitzat
baztertu dute. Baina gure gizartea ere espresatzen da. Gure bitartez espresatu
gainera. Ilusioak, pozak edo doluak gure gorputzak zeharkatzen dituztenean ez
dira edonola azaltzen, arbitrarioki, ez eta naturalki. Emozio bera desberdin
agertarazten du gizarte bakoitzak (ostean norbanakoak pertsonalizatuko duena).
Afektibitatearen kulturak gizartea zeharkatzen du, komunean dugun jakintzetako
bat da eta bizitzako gertakarien aurrean zelan jokatu erakusten digu. Horri
esker ulertzen diogu batak besteari eta jakin dezakegu sentipen bera ari garela
bizi izaten une jakin batean.
Baina eta, afektibitatearen kultura gizartea eraikitzeko ore
izateaz gain, gizartea kohesiorako faktore ere badela esango nuke. Emozioak
konpartitzen ditugunean orearen kalitatea hobetzen dugu. Beste behin ere,
kultura interpretaziorako ezinbesteko tresna da gertakizunak “erreal” bezalako
ulertu eta bizi ahal izan ditzagun.
Anboto Astekarian argitaratua 2019ko maiatzaren 31n
2019(e)ko otsailaren 25(a), astelehena
Demokraziaren kultura
Erabilera ohikoenean demokrazia hitza eskubideen bermea izendatzeko
darabilgun arren, demokrazia kultur sistema osoa da. Zein eratara, ba, gara
demokrata sistema horretan egunerokoan? Etxean, kalean, lanean,… garatzen
ditugun balore-jarrerek erakutsiko dute zein demokrata garen. Legaltasun
demokratikoaren arabera jarduteko era horrek bizikidetzarako konpromiso morala behar
du izan.
Klientelismoa kulturan ondo
sustrai hartua dugun inguruan, errazena urak dakarrena irenstea da. Horixe besterik
ekarri ezin duelakoan, irentsi beharrekoa delakoan,... Determinismoa? Jainkoak
emana? Itsasgorak besterik ote dakarren ikusteko lepoa jiratu ere egin gabe. Laissez faire, laissez passer inguruak isilik
elikatzen duen jarrera da.
Aldatu nahi duenak, ordea,
ez du egiten urak dakarrena aztertzekotan, baizik eta, justizia helmuga hartuta,
justizia bera duelako xede. Greziarrek demokrazia asmatu zutenean argi zuten legeak
zuela agintea, ez agintariak. Lege onak jakituriaren hazitik jaio dira eta elkartasun
eta justiziarako bidean hazten dira.
Egunerokotasuna goitik
behera antolatua ematen diguten era geldoan bizitzeak inoren iritziak norbere
egitea ere badakar. Horiek ez dira jarrera neutro, inozente eta errugabeak.
Makurkeria morala adierazteko era horiek guztiak, izatez, jarrera baten alde
egitea da: autoritarismoa, intolerantzia, lotsagabekeria eta erantzukizun eta
errespetu eza. Demokraziaren kultura eza.
Anboto Astekarian
argitaratua 2019ko otsailaren 15ean.
2018(e)ko azaroaren 15(a), osteguna
Welcome eskuliburua
Pentsatu eskuliburu bat idatzi behar dugula gure artera
datozenei emateko eta bertan Euskal Herriak eman eta eskatuko dienaz nahi
bezain luze jardun dezakegula. Zerbitzu sozialek egiten dute baina pertsona
jakinen premietara egokituta egin ere. Gure asmoa bestelakoa litzateke eta bizikide
berri horiez gain Erasmus beka bati esker gure artean ikasturtea emango duenak,
enpresaren egitasmo berria garatzera sasoitxo baterako datorrenak, turistek
(hitzak barnean hartzen baititu etorkin ilegalak) eta arrazoia edozein dela
medio bizikide izango ditugunek irakurri eta barneratuko luketen eskuliburua
ari gara idazten.
Erabaki dezagun, beraz, zer jaso eskuliburu horretan.
Oinarrizko zerbitzu sozial eta antzekoei buruzko orrialdeez gain, adostu dezagun
zertaz idatzi. Euskaraldia? Erasoaren inguruan gizona “zuria” izatea aipatu
izanaren inguruko eztabaida? OƱatiko migratzaileentzako zentroa eredugarritzat aipatzen
dela? Eskoletako kurrikuluak pixkanaka zeharkatzen duen aniztasunaz zer
ulertzen dugun? Etorri-berria Halloween gaueko ikaratik sendatu gabeko MTV
Sariekin gozatzen ari den Black Friday-rako bidean doan herri batera heldu dela
jabetuko da berehala, eskuliburu beharrik gabe.
Badakit leku batzuetan egiten dela eta etorri-berriari
harrera egitean argi azaltzen zaiola zein den gizarte haren printzipio gidaria,
kultura harrotasunez erakusten zaiola eta horretara baldintzatzen dela onarpena
eta osteko elkarrekin eraikitzea. Globalizazioa eta migrazioaz identitatearen
eraikuntzatik hitz egiten duenik ez dut entzuten.
http://josunearanguren.blogspot.com/
Anboto astekarian argitaratua 2018ko azaroaren 19an
Anboto astekarian argitaratua 2018ko azaroaren 19an
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)