2016(e)ko ekainaren 24(a), ostirala

Educacioncilla general


EDUCACIONCILLA GENERAL

Vianako Printzeaz azken urteetako kulturako sarituen zerrenda: historiagilea, idazlea, fisikaria, arkitektoa, margolaria, filosofoa, jazz musikaria, sopranoa, aktorea, filologoa, ingeniaria, musikagilea, hizkuntzalaria,… Zein lanbide “nobleak”!

Sari horren banaketaren aurtengo edizioa desberdina izan da. Alde batetik, Espainiako (eta Nafarroako) errege-erreginak gonbidatu ez dituztelako eta, bestalde, saritua izan den Ignacio Aranguren Gallués sarituaren berbengatik. Aranguren irakaslea antzerkia gizartea kohesionatzeko eta balioak transmititzeko tresnatzat erabili izanagatik hautatu omen du Nafarroako kultura kontseiluak. Arkeologo, bibolinjole, koreografo eta beste hainbat langile “noblek” baino bozka gehiago batu ditu Ignacioren hautagaitzak, antza.

Irakasleentzako esker hitzak aukeratu zituen hain ondratu sentitu zen unean.  Bizitza osoan ez omen du alderik ikusi kultura eta hezkuntzaren artean. Biak ei dira uztarri berekoak norbere burua eta baita gizartea ere ulertzerakoan. Duela 35 urte sortu zuen antzerki eskola helburu horrexekin, hain zuzen ere: antzerkia eta hezkuntza uztartzea.

Hogeita hamabost urte eta gero hau! esango genuke Oskorri  plagiatuz. Urte horietan guztietan aurrera egin dugu agian eskubideen defentsan zein gauzatzean. Baina aurrera egin du baita hezibakoen adierazpen askatasun eta ekintzak ere. Horregatik, 2017ko Viana Printzearen sarirako hautagai zerrendan, hain lanbide nobledun jendartean, sar itzazue honakoak ere: homofoboak eta matxistak ez direnak, kalean txistua botatzen ez dutenak, kartelak behar den lekuetan ipini eta ostean kentzen dituztenak eta bortizkeria baztertzen dutenak.


Anboto astekarian argitaratua 2016ko ekainaren 24an

 

2016(e)ko apirilaren 28(a), osteguna

L´utilità dell´inutile


L´utilità dell´inutile du izenburu Nuccio Ordineren azken manifestuak. “Letretakoak” izateagatik zientzia vs. letrak dikotomiaren aurpegi iraingarri zatarrena ezagutu behar izan dugunok, mendekutxoa hartzen dugu, geure barnerako, horrelako irakurketen bitartez. Baita konbentzimendua elikatzen ere.

Ezagutza berez maitatu behar da, berez, ez sortuko ahal dituen etekinen esperoan. Buru-hutsak, alferrak, ganorabakoak, inutilak,… izango gara baina jarraitu behar dugu aldarrikatzen irakaskuntzarako aurrekontu duina, ikertzaileen promozioa, liburutegiak ondare direla, kulturaren BEZ jaitsiera eta abar. Bestela, berehala sortzen da formaziorik gabeko belaunaldi bat. Baina krisi garaietan, aurrekontu horiexetatik –hezkuntza eta kultura- “errekortatzen” da, hain zuzen, lehenengo lekutik. Utilitarismo, produkzio, etekin, materialismo, kapitalismo eta finantzen familiaren izenean errekortatu ere. Familia horren eskuetan daude, izan ere, erakundeak.

Garai guztietako pentsalarien gogoetak hartzen ditu Ordinek oinarri, mozten zaion euro bakoitzarekin, kultura heriotzera gerturatzen dela argudiatzeko. Elite politikoa gero eta inkultuagoa da eta entzuleria ere bera halakoxea esijitzen du: pentsatzeko gai ez dena, alegia. Ordinek dixit.

Liburu laburra, atsegina eta… merkea da, gainera.


Anboto Astekarian argitaratua 2016ko apirilaren 29an

2016(e)ko otsailaren 26(a), ostirala

Ilusioa

Ilusioa

Ilustrazioaren garaian suspertu zitzaigun ilusioa. Pizgarria eta positibotasuna lotzen dizkiogu ideia horri garai hartatik. Ordukoak pentsatzen hasi ziren arrazoimenaren bidez ezjakintasun, superstizio eta gehiegikeriei aurre egiteko tresna zutela. Munduaren ikuskera aldaketa gertatu zen: erdi aroko iluntasunetik irten eta argien mendeko argitasunerako kosmogonia-bidaia zen. Ilusioz ikusten zuten garapena. Mundu hobeagoa eraikitzeko gai ikusten zuten euren gizartea. Aurrerakuntzan sinesten zuten. Besteak beste, kulturaren aurrerakuntzan. Eta horrek zoriontasuna ekarriko ziela pentsatzen zuten. Ikuskera “ilusionatu” horrek sekulako garapena eragin zuen arte guztietan eta pentsamenduan.
Leopoldo Zugaza ere ilusioaz jardun zitzaigun duela aste gutxi batzuk astekari honexetan irakurri genion elkarrizketan. Duela 50 urte geneukan gauzarik inportanteenetakoa etorkizunerako ilusioa zela gogoratzen zuen. Ilusio hori gaur egun lausotu egin omen da eta ondorioz, jakin-min falta dela egun kulturaren gaitz handiena baloratzen du.
Postmodernitatearen deskribapen bat izan daiteke Zugazak esaten duena. Baina, modernitatea gainditutzat ematen dugu? Ala ilusio ilustratuak oraindik fruituak eman ditzake? Hori postmodernitatearen beste deskribapen bat da.
Ez dakit ongizateak ez ote digun ekarri norbere eta gizartearen garapenean genuen ilusioaren galera. Asisiko Urmenetak, Fermin Etxegoienek egin dion elkarrizketa ederrean, oparitu digu benetako ikuskera aldaketa: ilusioa ilusoena da.



2015(e)ko urriaren 26(a), astelehena

HITZALDI BATZUEZ


HITZALDI BATZUEZ

Oso une gozoak eman ditugu azkenaldion Durangoko museoan. Atxagak “harri baten inguruko gogoeta” moduan mozorrotu zigun literaturaren heriotzaren eta zientzia humanistikoen balioaren gaineko hitzaldia. Oso bere estiloan eta etxeko gertakari baten kontakizunetik  abiatu – letrak ikasi nahi dituen alaba dela-eta, gurasoek entzun behar dituzten ingurukoen erruki hitzak-, harri bitxi baten jatorriari buruzko materialista eta idealistek dituzten azalpenen interpretazioetatik igaro eta literaturaren defentsa sutsua egin zuen, literatur kontakizunak batuz gero, kontzientziaren deskribapena genukeela esaterainoko jario ederrean.

Belen Bengoetxearen eskualdeko historiaren inguruko bidaia ere oso ondo kontatuta egon zen. Irakasle direnek, alorra menperatzeaz gain, transmititzen ere badakite. Noizean behin errepasatu behar izaten dira kronologian zehar kofradi, elizate, hiribildu, merinalde eta abarrek gure bizitzaren antolaketarako egin zituzten ahaleginak eta gobernatzen gaituzten erakundeen jatorri eta zergatia.

Joan zen astean, berriz, Juan Manuel González Cembellín-ek Margarita Maturanaren bizitza eta lana aurkeztu zizkigun. Zelako ezuste atsegina! Borrokalari handia, sozialista eta feminista, klausurako moja misiolariaren mugetan zirrikituen bila.

Eskerrak antolatzaile guztiei eta honelakoen zabalkundean ahaleginak handitu, literaturaren heriotzaren garaian izpirituak elikagaia behar du eta, ez baita jende asko ikusten kultur ekitaldi mota hau kontsumitzen.

Anboto Astekarian argitaratua 2015eko urriaren 23an.

2015(e)ko irailaren 10(a), osteguna

Etika eta etikoa


Etika eta etikoa

Bitxia egin zait egunotan, LOMCE-k filosofia baztertu duen honetan, etika eta moralari buruzko hainbat aipamen entzutea berri emankizunetan.

Badirudi alor horietako terminoen beharra dugula Siriako errefuxiatuen arazoan erakundeen portaera zein beharko lukeen erabakitzean, GKEen irizpideak ebaluatzean edo eta norbere  iritzia finkatze-saiakeran. Ezin, bestalde, rally bateko istripuaren errudunak bilatze sotiletan, argudio desberdinak eman lege juridiko hutsei begira: honek hala jokatu izan balu, horrek hori beharko luke egin,…

Zintzotasuna, zuzentasuna, solidaritatea eta antzekoak lantzen dituzte umeek txikitatik eskolan taldeka eta tutoreek gidatuta euren arteko liskar eta harremanak aztertuz. Nerabezaroa da, ordea, gai horiei ikasleen garapenak ahalbidetzen duen kutsu abstraktoagoa eman eta etikaren fundamentoaren ikuspegia jakiteko sasoia.

Gizartean portaera morala ezartzeko adinean filosofia ikasgaiak ez du, ondorioz, banakakoan bakarrik eragiten, gizarte osoan baizik.  Horregatik suposatzen dut Wert legegilearen asmoetan egongo dela gizarte arloko ekonomia eta politika gaiak jorratzean, ikasleek aberastasunaren banaketaren gaineko gogoeta egin dezaten kendutako ikasgaiaren ordez edo zientzen arloko biologiaren aurrerapideak berorien ondorio etikoen ikuspuntuez eztabaida kritikoa sustatzea, esaterako.

Erlijio eta sineskeriak bide erraza dute honelakoekin.


Anboto astekarian argitaratua 2015eko irailaren 11n

2015(e)ko ekainaren 8(a), astelehena

Ogia eta zirkua


Kultura hiri handietako gatazkak estaltzeko tresna gisa erabiltzen dela kritikatu du Manuel Delgado Bartzelonako antropologia irakasleak, 2016 desokupatu mugimenduak gonbidatuta, Donostiako datorren urterako ekimenen harira. Kirolak ere funtzio bera betetzen du?

Zein da errege koparen finalaren aitzakian antolatutakoaren onura? Hango hirian eta hemengo ziutatean bildutakoek sinboloak astindu dituzte, eskuz eta ezpainez. Ostean bertaratuei galdetuta, elkartasuna, emozioak partekatzea eta antzeko erantzunak eman dituzte guztiek. Freudek erakutsi zigun gizabanakoa taldekide bihurtzean, sentimendu batek gidatzen duela, ordura arteko printzipioak baztertzeko gai delarik, onartze akritikoaren alienazio gozoan.

Gainera hor ditugu futbola erlijioaren ordezkoa dela herriaren opio rolerako diotenak. Eta Borges futbola herrikoia dela ergelkeria herrikoia delako esatean. Eta sexismoa… eta bortxakeria… Tentazioa handia den arren, ez da hori gure gaurko eztabaidagaia, halere, baizik eta talde, herri, bandera eta tribu-ikurrekin identifikatzea. Gizakiok joera omen dugu gainontzekoen portaera kuestionatu barik imitatzeko. Menpeko bihurtu denak banakotasuna galdu du.

Ados ereserki eta banderak ez inposatzearen eskaera edo aldarriaz. Inorenak ez. Eta eraikin monumentaletan gutxiago. Eta diru publikoz gutxiago. Neurrian dago bertutea. Baina instituzioak eta enpresa handiak festa horren bultzatzaileen gabarrara igo badira, ogia eta zirkua seguru!


Anboto Astekarian argitaratua 2015eko ekainaren 5ean

 

2015(e)ko martxoaren 27(a), ostirala

Musika (I)


Edertasunaren pertzepzioa subjektiboa da. Horrexegatik hitz egiten da plazer estetikoaz, anegaka saltzen ez delako, istant bat delako kontenplazioa. Hala ere, zenbait adierazpen artistiko gustu unibertsalekoak izan behar dutela, kirtenak, txatxuak edo eskolagabekoak ez direnenak, behintzat.

Edertasuna islatzen ahalegintzen dira artistak, margotzean, idaztean edo konposatzean. Arte horietan maisutasun handiagoa erakusten du eskuartean duen bitartekoaz edertasunez mezua komunikatzen dutenean. Hau da, forma eta hondoa zenbat eta hurbilago egon, orduan eta ederragotzat dugu sorkuntza. Sasoi askok musika arte goren izendatu zuten, agian greziarrei Jainkoek oparitua delako edo musek lehenbizikoz sortu zutena delako. Izan ere, musikaz esaten da arte bakarra dela non adierazlea eta adierazia gauza bera den-diren.

Egunotan Facebook-en ikusi dugu herritar baten auzokideekiko afera: jazz musika ipini omen du etxean, ez hain desorduan ere eta nahiko bolumen bajutxoan, gainera, baina auzokideek demanda egin diote. Ikustekoak dira haren lagunen iruzkinak sare sozial horretan: auzokideen ez-jakintasunaren gainekoak nagusi.

Leku askotan inposatzen zaigu musika gaur egun. Auzokidearenean entzuteaz gain, kalean, tabernetan, jangeletan, ekitaldietan, hondartzan... Esango nuke kutsadura dela horietan guztietan eta urrun dagoela oso plazer estetikotik. Ni behintzat ez nau sekula Stendhal gaitzak jo dentistaren itxarongelan.


Anboto Astekarian 2015eko martxoaren 27an