2017(e)ko abuztuaren 31(a), osteguna

PROPAGANDA

 
Kale kantoian gazteak ikusi ditut litxarreriak jan eta zarataka lurrera patxadaz botatzen. Udalak eskatu die paisaia hala sortzen laguntzeko? Ez dakigu, ez baitugu agintarien mezurik jasotzen, zelako herria nahi den azalduz. Laissez faire.
Jaietako musika arautzearen eztabaida behintzat ibili da. Eskerrak! Udalek bere eskumenak gauzatu eta baimenak ematean, baldintzak argi ipini. Eskumena denez, berdin zaigu Uliak eta Sandiak tertulian esango dutena. Tinko bai herritarrei zergen erabilera azaltzean bai kanpokoei zein herritara datozen jakinaraztean.
Berlinen eraikitzen ari diren metro linea berriko obrak hesi batek inguratuak daude. Horretan irudi didaktikoek azaltzen dute zertan ari diren, espero diren onurak, iraupen eta kostua eta hainbat informazio gehiago. Esperientzia dute alemanek propaganda gobernatzean erabiltzen: metroan gazteei kondoiak erabiltzeko esan; garagardo festan, alkohola hartzeko arauak erakusgai jarri; alemana hobetzeko mezuak zabaldu. Neurri jakinen egokitasuna baloratu barik, nahi den herriari buruzko mezuak zabaltzeaz ari naiz.
Berdintasuna, euskara, gazteria eta politiken zehar lerroen alde hartzen diren neurriak azaltzeko “hesiak” behar dira barraka, berbena, turismo bulego eta abarretan. Bestela geure herria marisko feria bat izango da, kartelak gazteleraz dituena, Kolonbiako musika inguruan. Urruneko adibidea al da?

Anboto astekarian argitaratua 2017ko irailaren 1ean

2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena

Culture

CULTURE
Culture ingelesko hirugarren hitzik “konplexuena” dela irakurri berri dut. Ez esan ez dela tiratu barik utziko zenukeen haria. Zergatik hirugarrena? Zeintzuk dira beste biak? Non datza konplexutasuna? Ulergarria egiten zaigu, bestalde, horrela izatea: izan ere, kultura gizatasunaren muin bada, zail izan behar du derrigor hitz gutxitan azaltzen. Gainera kontzeptu honek, hizkuntzaren erabilerak hala eskatuta, esanahia aldatu du denbora joan ahala. Hitzen esanahia kontsentsu bitartez eratzen dugu gizakiok eta “kultura” kontzeptuaren kasuan, industrializazioaren kalteei aurre egiteko bitarteko esan nahi izatetik -azken sasoietan adostutako esanahi bat aipatzearren- kapitalismoaren iturri errentagarrienetako bat bezala ulertzera joan zaigu. Muturretik muturrera.
Har dezagun jolas moduan eta kultura hitza erabiltzen dugunean, egin ditzagun aurrerantzean ondoko egiaztapenak. Inkontziente kolektiboari traizio egin dio nire erabilera honek? Kulturaren hutsalerako bidea izendatzeko erabili dut? Beste edozertatik baino gehiago merkantilizaziotik duenaz ari naiz? Elkarbizitzaz hausnarketa egitera bultzatzen gaituen esperientzia da aipatutako hau? Gizarte zibila eraldatzeko indarra duen jarduera edo ekimena izendatu dut? Edozein pertsonarentzako eskura dagoen jarduera batez jardun dut? K handiaz ala k txikiaz ahoskatu dut kultura?
Jolas horretan aritzeagatik baldin bazaie hain konplexu kontzeptua, bejondeiela!


Anboto astekarian argitaratua 2017ko maiatzaren 26an

2017(e)ko martxoaren 10(a), ostirala

Futbolaren kultura


Lanerakoan ezin diet ez ikusiarena egin eraikinetan Bizkaiko futbol taldearen banderei. Kultur
etxeko sarreran aita bat ikusten dut umea ezin liburutegira bultzaka, hau telefono pantaila bati
“Ronaldo, Ronaldo” oihukatuz jolas batekin itsututa dagoela. Haserre dator laguna bazkaltzera,
alabari eskolan irakasleak aurpegia marra zuri-gorriz margotu diolako. Etxerako biribilgunean,
alboan doan eskoltadun autobusak ez du stop-a errespetatu. Jakin dut Ipuruarantz doala,
eskualdeko komunikabideek autobusaren kronika zehatza eman dute-eta, argazki, bideo eta
guzti. Terrazatik gazteak eskolako patioan futbolean entzuten ditut. Irain homofoboak
jasanezinetatik kalera ihesi, Ezkurdiranzkoan badakit zer topatuko dudan. Mutikoak espazio
publiko osoa betetzen baloiari ostikoka, pasiorako bidea oztopatzen. Andramari inguruan,
prest dago tramoia guztia alderdi politiko batek mitina eman dezan. Propaganda kartelean,
Athletic-en ezkutua! Tabernan sartu naiz eta gizon kuadrilla zeharkatu behar izan dut ahal izan
dudan moduan , telebistako partidari garrasika begira bitartean, haserreak itsu. Ogitartekoa
afaltzekotan, telebistapean suertatu zait mahaia. Ezin lasai jan jendea bizkar gainean izanda,
Barça ari zelako. Ohera baino lehen, telebistan iragarkiak erakusten dit jokalari batek etsaiak
gainditzeagatik, emakume talde bat biluzten zaiola saritzat. Ezinezkoa zait lasaitzeko irrati
tertuliarekin oheratu, partida egunetan gai garrantzitsuagoak daudelako.
Mentalitatea, kontzientzia kolektiboa eta ideologiaren ardatz da futbola. Zergatik eman
hainbeste errekurtso bortxakeria eta matxismoa hedatzen dituenari? Ezer ez da berdin. Bihar
arte!

Anboto astekarian argitaratua 2017ko martxoaren 3an

2016(e)ko abenduaren 14(a), asteazkena

Obabatik Bilbora, DA!

Obabatik Bilbora, DA!
Duela aste bi Joseba Sarrionandiak espektakuluaren gizarteari zor dion zerga ordaindu du. Atxagari elkarrizketa horretaz galdetu diote Euskadi Irratian asteleheneroko saioan. Besteak beste, Sarrionandia serioegi topatu duela erantzun du Atxagak.  Eta kazetariak, erantzun hori argitzekotan edo, umore faltan sumatu duen galdetu dionean, Sarriren hitzek poesia falta dutela erantzun du idazleak. Poesia eta ez umorea jarri du, beraz, seriotasunaren kontrako horman.
Duela lau urte poesia zer den azaltzen saiatu zen asteasuarra 2012an Joxe Anjel Arbelaitzek zuzendu zuen “Leku hutsak, hitz beteak” dokumentalean. Argia multimedian dugu dokumental osoa ikusi nahi dugun abaguneetarako eskura. Beste aldearekiko konexioa bilatzean kokatzen du poesiaren eremu hori. Dokumentalaren gidoia bera kontakizun ederra da: poetaren ibilbide autobiografikoa bidaia biren bitartez azaltzen du. Joanekoan, Obabatik Bilborakoan, idazle izatea erabakitzen du barneko hutsa bete nahian. Bueltakoa,  Obaba sorterrirakoa, idazle lana gauzatzea da eta argitalpenen errepasoa eginez narratzen du: joanekoan deskubritutako planetaren batean gertatzen dira nobela edo sorkuntza guztiak.
Atxaga parafraseatuz esango nuke mundua Obaba ez dela eta badela beste mundu bat eta beste planeta batzuk bilatu beharra sentitzen dugunez, leku hutsak hitzez betetzeko premia dugunez, DA! antolatzaileentzako zorionak eta animorik handiena.

Anboto Astekarian argitaratua 2016ko abenduaren 9an.


2016(e)ko irailaren 22(a), osteguna

Polisa, banakako kultura?


Polisa, banakako kultura?

Polisa. Aintzinako Grezian hala esaten zioten hiri-estatuen asmakizunari. Akropoliak, agorak eta etxebizitzek osatzen zuten: leku publiko eta pribatuek, beraz. Politika. Polisak, erakunde-lurralde horiek, gobernatzeko era zen eta da. Lagun libreen elkarbizitzak eragiten zituen arazoak konpontzeko era zen. Eta da? Justizian oinarritu behar zuen politikak, Platonek Errepublikan azaltzen duenez. Horrexegatik zen moralaren atal.

Nahiko nuke egunotan buzoietan jaso ditugun koloreetako papertxoetan horren guztiaren usainik hartu banu. Baina inkestek esaten omen dute herritarren kezka nagusia ekonomia dela. Eta, ondorioz, papertxoak ekonomiaz barra-barra. Esaiezu horiei, Platon, justizian eta ongiaren ezagutzan formatuak izan behar duela Lehendakari.

Errepublica liburuan jasotzen da hiri-estatua antolatu eta kudeatzeko sistema ideala, Res Publica-ri buruzkoa delako, zera publikoari buruzkoa. Zelan norbera justiziaz gidatu akropolian, agoran eta etxean? Pertsonak lotzen dituen eta estatu osatzen duen eremu hori justiziaz gidatzeko arauak dira/ziren politika. Berriz diot:  ongiari eta justiziari ematen zitzaion nagusitasuna.

Koloreko papertxoak, ordea, banakakoari zuzenduak iruditu zaizkit. Horregatik ez dago kulturari aipurik. Publikoa dena denona da eta denon artean eraiki behar dugu, denontzako ona eta justua edo denontzako txarra eta injustua izango delako. Hori barneratu arte inoren kontu utziko ditugu umeen hezkuntza, zerbitzu publikoetarako diruen inbertitzea, eraikin eta espazio publikoen kudeaketa eta abar.

Aberastera doazenen edo izen on bila doazenen erruak geure kolkoarekin partekatu ostean, berrar dezagun polisa hobetzeko konpromiso etikoa.

2016ko irailaren 23an Anboto Astekarian argitaratua

2016(e)ko ekainaren 24(a), ostirala

Educacioncilla general


EDUCACIONCILLA GENERAL

Vianako Printzeaz azken urteetako kulturako sarituen zerrenda: historiagilea, idazlea, fisikaria, arkitektoa, margolaria, filosofoa, jazz musikaria, sopranoa, aktorea, filologoa, ingeniaria, musikagilea, hizkuntzalaria,… Zein lanbide “nobleak”!

Sari horren banaketaren aurtengo edizioa desberdina izan da. Alde batetik, Espainiako (eta Nafarroako) errege-erreginak gonbidatu ez dituztelako eta, bestalde, saritua izan den Ignacio Aranguren Gallués sarituaren berbengatik. Aranguren irakaslea antzerkia gizartea kohesionatzeko eta balioak transmititzeko tresnatzat erabili izanagatik hautatu omen du Nafarroako kultura kontseiluak. Arkeologo, bibolinjole, koreografo eta beste hainbat langile “noblek” baino bozka gehiago batu ditu Ignacioren hautagaitzak, antza.

Irakasleentzako esker hitzak aukeratu zituen hain ondratu sentitu zen unean.  Bizitza osoan ez omen du alderik ikusi kultura eta hezkuntzaren artean. Biak ei dira uztarri berekoak norbere burua eta baita gizartea ere ulertzerakoan. Duela 35 urte sortu zuen antzerki eskola helburu horrexekin, hain zuzen ere: antzerkia eta hezkuntza uztartzea.

Hogeita hamabost urte eta gero hau! esango genuke Oskorri  plagiatuz. Urte horietan guztietan aurrera egin dugu agian eskubideen defentsan zein gauzatzean. Baina aurrera egin du baita hezibakoen adierazpen askatasun eta ekintzak ere. Horregatik, 2017ko Viana Printzearen sarirako hautagai zerrendan, hain lanbide nobledun jendartean, sar itzazue honakoak ere: homofoboak eta matxistak ez direnak, kalean txistua botatzen ez dutenak, kartelak behar den lekuetan ipini eta ostean kentzen dituztenak eta bortizkeria baztertzen dutenak.


Anboto astekarian argitaratua 2016ko ekainaren 24an

 

2016(e)ko apirilaren 28(a), osteguna

L´utilità dell´inutile


L´utilità dell´inutile du izenburu Nuccio Ordineren azken manifestuak. “Letretakoak” izateagatik zientzia vs. letrak dikotomiaren aurpegi iraingarri zatarrena ezagutu behar izan dugunok, mendekutxoa hartzen dugu, geure barnerako, horrelako irakurketen bitartez. Baita konbentzimendua elikatzen ere.

Ezagutza berez maitatu behar da, berez, ez sortuko ahal dituen etekinen esperoan. Buru-hutsak, alferrak, ganorabakoak, inutilak,… izango gara baina jarraitu behar dugu aldarrikatzen irakaskuntzarako aurrekontu duina, ikertzaileen promozioa, liburutegiak ondare direla, kulturaren BEZ jaitsiera eta abar. Bestela, berehala sortzen da formaziorik gabeko belaunaldi bat. Baina krisi garaietan, aurrekontu horiexetatik –hezkuntza eta kultura- “errekortatzen” da, hain zuzen, lehenengo lekutik. Utilitarismo, produkzio, etekin, materialismo, kapitalismo eta finantzen familiaren izenean errekortatu ere. Familia horren eskuetan daude, izan ere, erakundeak.

Garai guztietako pentsalarien gogoetak hartzen ditu Ordinek oinarri, mozten zaion euro bakoitzarekin, kultura heriotzera gerturatzen dela argudiatzeko. Elite politikoa gero eta inkultuagoa da eta entzuleria ere bera halakoxea esijitzen du: pentsatzeko gai ez dena, alegia. Ordinek dixit.

Liburu laburra, atsegina eta… merkea da, gainera.


Anboto Astekarian argitaratua 2016ko apirilaren 29an