2021(e)ko maiatzaren 27(a), osteguna

Sapere aude

 

 

Sapere aude

Ausart gaitezen jakitera. Pentsamendua bera jada baldintzatua dugu. Nietzschek zioen: artaldea. Alienazioa, Marxek. Berreskuratu beharreko kontzeptuak biak, inoiz puri-purian egon ez badira.

Ez naiz neure arrazionaltasuna erabiltzera ausartu. Descartesek lagunduko dit egiten: lehendabizi, deseraiki buruko ideiak. Eta ausartu neure kabuz eraikitzen. Eta izan ausarta.

Ala eguneroko berri emankizunaren arabera erabakiko dut Astra Zenecaren beldur izan ala ez?

Informazioa da armarik potenteena. Eta informazio guztirako sarbidea izan dezadan baliabide guztiak emango dizkidazu, sare sozialetan ni bezalakoekin eta desberdinekin elkar trukatuko ditut iritziak, administrazio guztiek gardentasun printzipioaren arabera jokatzen dutela bermatuko didazu. Askea naizela sinestaraziko didazu. Baliabide guztiak ditudala nire eskubideak gauzatzeko. Sinestaraziko didazu. Libre eta erabakiduna. Entelekia.

Hori guztia sinestaraziko didazu eskubide guztiak kendu bitartean. Eskubide guztiak kentzen dizkidazu baina neure onerako dela esango didazu.

Baina ausarta bazara, kriminalizazioa dator. Ondo programatua. Sorgina zarela esango dizute. Trumpen antza duzula eskubideez ai zarenean. Eta barregarriago gera nadin, eredurik barregarrienarekin elkarrizketa erretrasmitituko dute, nire pentsaera kantari drogazale ero horrenarekin parekatuz. Pantailaren aurreko zein atzeko tertuliak berberak izango dira ostean: iritziemale berekoak batasun orgasmiko batera helduko dira. Zugarramurdiko emakumeek ere sorgin ez zirela aldarrikatu zuten hilketa unera arte. Haiek ere inork jarritako sorgin izenez ezagutzen ditugu: beste erreinu bateko soldadu eta inkisidoreek ezarritakoarekin. Durango 2021.

Beste behin gure osasunaren aurretik negozioa dagoen zalantzaren aurrean gara. Heriotzaren beldurrak sapere aude-ri irabazi dio Hirugarren Mundu Gerran.

Indibidualista edo errudun izendatua izatearen beldurrak irabazi egin dio sapere aude-ri.

Lanetik kaleratua izateko arriskuaren aurrean, askatasuna mugatzeari amen.

Osasuna eta askatasuna uztartu behar dituen lege egitasmoen aurrean, sapere aude.

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko maiatzaren 21ean

2021(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

MASKARADA´21

 

MASKARADA´21

Metafisika egiteko errezeta emango dizuet. Lehenengo, hitzak poltsatxo batean sartu; barruan daudelarik, ondo-ondo nahastu eta azkenik, banan-banan atera ahala errenkadan jarri bata bestearen atzean. Voilà! Esaldia osatu da! Errezeta onenak bezalaxe, kopiatua da hau ere.

Poltsatxo hori da norbere burua azken aldion. Eta honako hau, bertatik gaur hitzak atereaz sortu den esaldia: Plateruenatagerozer-eko Zupiria bozemaileak adierazi duenez, Kapitolioko birusak El Boni tirokatu du Baionan, eskola-kirola dela-eta.

Terapia behar dugu esaldiak errenkada zuzenetan antolatzeko gaitasuna berreskuratu nahi badugu. Halaxe agian buruetako lainoak garbituko ditu Filomenak. Ala ez?

Maria Zapatak hitzaldia eman du Gasteizen. Terapia vs politika. Arazoaren indibidualizazioa ala arazoaren sozializazioa? Banakako tratamentuan argitasuna topatzeak poztasuna dakarrenez, lainoaren sustrai kapitalista eta patriarkalak gizartekintzatik mozteko beharrik ez dugu?

Ziurgabetasunak, zalantzak eta ezbaiak apatia ekarri dute. Apatia banakakoa, bikotekoa, lagunartekoa, tabernako solasaldietara, telefonozko elkarrizketetara, kaleko elkarketetara eta dendetako salerosketetara. Sareetara eta aisialdi kontsumoetara. Eta normaltasun berrira.

Polisa gobernatzen dute hiru araurekin: maskara, distantzia eta aforoa eta eskuen garbiketa. Laino arteko metafisikaren aurkako terapia bezala ez dabil erremedioa, nik uste. Bizirik dirautenen osasuna ere polisa gobernatzen dutenen ardura da. Gel hidroalholikoak buruko lainoa garbitzen ez duenez, sanitarioen alkohol kontsumoak gora omen doaz.

Barricada gorenean zegoela, amak Drogasi lantegi batean ganorazko lana bilatzeko esaten zion. Agur, Boni, egia esan, zailtzen ari zaigu 60 urte betetzera heltzea rocker izanik. Jakintsua Drogasen ama. Bitartean, inauteririk ez baina maskarada inoizko populatsuena laino artean. Laino artetik laino artera ongi-etorri, mutazio berri!

Nothing Hill-etiko karnabala ospatuko dugu ondorioak deskubritu bitartean.

http://josunearanguren.blogspot.com/

 

Anboto Astekarian argitara emana 2021eko urtarrilaren 15ean.

2020(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

Kuxkuxeroak

 Lagun bat Facebooken zerk dibertitzen duen irakurtzean harridura nozitu dut. Estimatua dut bera, estetika ulertzeko duen moduagatik, besteak beste. Esteta izatea jarrera da bere bizitzan, esango nuke. Finetan finenetakoa.


Facebookeko bere profila nork kuxkuxeatzen duen kuxkuxeatzeak dibertitzen omen du bera.


Harritu behar ote ninduen pentsatzeari ekin eta estatistika bat gogora: ikusezin bagina, zer egin nahi izango genuke gutako gehienok? Hona galderaren erantzunik ohikoena: kuxkuxean aritzea, hots, inork ikusten ez gaituela, inori so egotea.


Onartu dezagun nahi hori gu guztiongan dagoela, gizakiaren izaeran dagoela. Onar dezagun honakoa baita: inoren etxe barruan gertatzen denetik, guztia jakin nahi dugula, ez bakarrik maindire arteko kontuak. Guztia. Afaria prestatzen denbora ematen dute ala hozkailutik ateratzen den lehena jaten? Nork lixatzen du etxean eta zer lixatzen du? Eta zer ez? Etxekoetan nor da maitakorrena? Nor agintariena? Telebistako zeintzuk saio ikusten dituzte? Etxean otso da kanpoko usoa? Gure Facebookeko horma begiratzen ari dira? Gutaz hitz egiten? Gure etxeko horma atzean kuxkuxeatzen, akaso?


Hitchcock-en filmeen arrakastaren giltzetako bat gugan suspensea erabiltzeko zuen
maistratasuna zen: Rear window izenekoan hasieratik James Stewart-en konplize egiten gaitu. Filmeak protagonistaren prismatikoen atzean izkutatzen gaitu begira jakinminez. Gaixotasunak leiho ondotik mugitu ezinik duen horrentzat bizikide guztiak dira behatuak izateko onak: eskultorea, ezkonberriak, txakurraren jabe biak, pianojolea zein emakume erromantikoa.


Unibertso txikia osatzen da Manhattaneko bizikideen patioan, pertsonaia guztien bizitza
aurreko jarrera desberdinen batuketa baino ez dena. Durangaldeko patio bakoitzean mundu osoa dagoen bezalaxe.


Irudikatzen dut lagun esteta hori, James Stewart bezala, oina igeltsuan duela, leiho bakoitzeko bizitza bakoitzean edertasuna bilatzen eta topatzen. Bere begietatik ikusi nahi dut eta berari ere begiratuko nioke, bai.

Anboto Astekarian argitaratua 2020ko urriaren 16an

2020(e)ko irailaren 10(a), osteguna

Zerbait ikasi

 

Adela Cortinak filosofoak esana: “honetatik zerbait ez ikastekotan, jai dugu”. Turismoak, ostalariek, gazteek, egoitzen kudeatzaileek, aisialdi programatzaileek, soinu teknikariek, kazetariek, gurasoek, eskoletako kurrikulum egileek, … Sektore asko aipatzen dira sasoi honetan eraldatzeko beharretan direnez aritzean.

Bazterrik bazter hitz bera: ikasi. Nor da eraldaketarako unibertsitateko irakaslea, ordea? Galdera horren erantzunak arduradun bat edo beste ipiniko du jopuntuan.

Maizegi, nire ustetan, entzuten ditugu hitzok gure ezbeharren jatorri gisa: gobernua, legegilea, araua, epaia, nazioarteko ekonomia, kapitalismoa, mundu globalizatua,... Potoloetan potoloenak. Arduradunetan arduradunenak. Galdetuko nuke zenbateraino ez ote diren kontzientzia lasaigarrietan lasaigarrienak ere. Gizarte eraldaketarako ateak ixten dizkiotenak, behintzat, norbanakoaren ekimenari.

Beste hitz bat. Ederra honakoa. Eskarmentua. Gaztelania ere buruan dugunok, bi kontzeptu lotzen ditugu hitzarekin batera datorkigun esanahian. Horrexetan bere edertasuna. Horrela ulertzen dut Adela Cortinaren esaldia.

Eskarmentuak, ordea, gizartekoa eta norbanakoa ere badenez, eraldaketarako beharra geure sentiarazten digu. Etxealdian batak elikadura hobetu duela, besteak jarduera fisikoan tematiago jokatuko duela, hau umeekiko tarte gehiago bilatzekotan da eta hark kultura kontsumitzeko bide berriak topatu ditu.

Irakaslerik onena aukeratu dugu. Norbera. Eskarmentua. Bi esanahiak bat eginda. Berak eman dizkigu bai diagnosia eta baita erremedioa ere.

Gizartearen antolaketa dela-eta, gogora datorkit Rousseauren kontratu soziala. Frantzia iraultzaren ateetan zegoela, imajinatzen ditut herritarrak estatu araugilearen beharraz eta norbanakoen askatasunaren garapenaz eztabaidatzen. Kontratu soziala alde guztien erantzunkizunak batzeko eta gizakiaren eta gizartearen eskubideak garatzeko tresna hipotetikoak despotismora eraman gaitzake edo Liberté, Egalité eta Fraternité-ra.

Anboto astekarian argitaratua 2020ko irailaren 4an

 

2020(e)ko ekainaren 12(a), ostirala

Normaltasun berria


Astearteko Berriako titularra: Hego Euskal Herriko «normaltasun berrirako» araudia onartuko dute gaur. Hegoak zabaltzean lehengora itzuli nahi/behar/ahal dugun ez nago seguru.
Normaltasun hitzak ez du irudi bera guztion begietara ekartzen erreferenteen mundutik. Batzuek tabernak beteta eta beste batzuek tarte zabalekin irudikatzen dituzte normal entzutean. Umeak koltxonetatan salto eta garrasika batzuek, umeak museoetan isil eta trankilago besteek. Gazteenen kale zurruta monumentuen oinetan, plazetan eta mendian batzuek eta gazteak alternatiben sorkuntzan hango haiek. Aisialdiaz gozatzeak, ez du esanahi jakinik.
Asteartera arte ez ditugu irudikatu gure herrietako kaleetako aisialdia, harremanak, ohiturak eta jarrera aldatuak? Astea joan astea etorri, begiak zabalago balkoiratu ditugu, zabalago harriduraz eta zabalago argitasunez: boteredunen motibazio ekonomikoa, planetaren hauskortasuna, bizimoduaren aldagarritasuna... Zertaz ez ote gara jabetu.
Kezkatzekoa iruditzen zait geure bizitzen kontrolik ez izatea zein erraz eta pozik barneratu dugun. Osasun kontuez haratago –betidanik Akilesen orpotik eraso gaituzte-, bizitzako alor guztietan erabakitzeko eskumena onartu diegu: aipatu aisialdiaz eta baita sexualitateaz ere. Osasun agintaritzaren gomendioak jarraituz, segi dezagun lehengo normaltasunera. Dekretuz.
Hau ere gure esku dago. Historiara begiratuz gero, krisialdietatik eraldaketa datorrela ikusi dugu. Gogoetetatik ikasi dugunaz eraikitzeko aukera da.

http://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto Astekarian argitaratua 2020ko ekainaren 6an.