2022(e)ko urtarrilaren 20(a), osteguna

Turki burua

 

Turki burua

Erdi Aroan gurutzatuak eta turkiarrak elkarren aurkako borroka odoltsuetan aritzen ziren sarri. Kristauentzako itzelezko meritua izaten zen turkiar bati burua moztea. Moztutakoa guztien bistan gorrotoz zintzilikatuta, soldaduek pairaturiko gaitz guztiak leporatzen zizkioten hildakoari. Ordutik esaten zaio norbaiti turki buru salaketa egiten zaionean, erruduna beste bat denetan. Itun Zaharrak ere akerraren metafora azaltzen du gaztelaniazko “chivo expiatorio” espresioaren sorrera emanez. Antzinako kontuak dira horiek, antza, baina ematen du geu-geugan dagoela norberea inori leporatzeko ihesbidea. Galdeiozue, bestela, Zalduondoko Markitosi, urtero inauterietan epaitu eta herriko gaitzen errudun gisa erretzen dutenari.

 

Horrelakoetan gertatzen denaz gogoeta egin dezagun, hots, bizkar gainera bestek emanikoa zamatzean gertatzen denaz.

 

Sentitu duzue inoiz ez duzuela zeuok aukeratu jokatzen ari zareten rola? Makina bateko torloju edo mekanismo handi bateko pieza izatearen askatasun edo bakantasun falta antzeman duzue? Lasaitu gaitezen pentsatuz komunitateko kide izatearen prezioa dela. Geure burua taldeko izate horretatik interpretatuz gero eta ikustean taldeek beren eratzeko, funtzionatzeko eta garatzeko logika propioak dituztela, orduantxe jabetuko gara gertatzen zaigunaz.

 

Gizartean bezala txindurritegian ere rolak banatzen dira etengabe: ondokoak bat hartu bezain pronto, gugan eragina izango du eta beste bat egokituko/leporatuko atoan. Txindurritegiko ehuneko hamarra diren txindurri alferrekin talde berria osatuz gero, berri hartan ere ehuneko hamarra izango da alferra. Ondorioz, aurrekoan alfer rola zuten batzuek rola aldatu behar izan dute berrian. Zenbat egituratan ez ote du “txindurritegiko teoriak” gure jokabidea erabakitzen.

 

Animalia sozial egin gaituzte eta, ondorioz, gure autonomia ezinbestez da ez-autonomoa. Saia zaitezke jokatzea suertatu zaizunetik ihes egiten baina ezin izango duzu. Mundua den antzoki handian, Alice bazara, ez zara Untxi Zuria. Laukitxo hori egokitu zaizu joku-mahaian.

Eguzkipeko tximeleta jostalaria dantzari ari da, beste izaki baten hurbilketak hegaka ihes egitera behartzen duen arte. Bestea baino politagoa, librea eta botere haundiagokoa izan daitekeen arren, engranaje sozialeko izatearen kontzientziak lasaitzen du tximeleta. Tokatu egin zaio. Turki burua da. Erruduna. Lehenago tokatu zitzaien zaharrei, haurrei, nerabeei, tabernazaleei, kirolariei eta ez txertatuei. Ez etsi: tximeleta efektua gure hego ahulen boterea da.

Anboto Astekarian argitaratua 2022ko urtarrilaren 21ean.

2021(e)ko abenduaren 11(a), larunbata

Vinu, cantares y amor

 

Vinu, cantares y amor

Nacho Vegasen kantaren izenburua hartu dut kolaborazio honen izenburutzat nik ere. Gure arteko batzuontzako Anarik bihurtu digu ezagun kanta hori. “Que si nun hai vinu, cantares y amor, Non, esta nun ye la mío revolución” asturiarraren “Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza!” bertsioa eman digu azkoitiarrak.

Ez dugu orain gogora ekarriko Anarik eta lagunek bideoa grabatu eta gutxira Putzuzulo Ametsen Fabrika eraistea agindu zutenekoa. Gogoeta bidera dezagun, hobeto, kantaria bertsioa egitera bultzatu zuen bilaketara: bizi ditugun garaietarako esperantzarako kanta antzeko bat sortzekotan ezin asmatua aitortu du artistak bertsioa egitera bultzatu zuen arrazoitzat. Jada sorturik zegoen kanta ikusi zuen egoki bere bilaketan sortu beharra sumatzen zuena islatzeko. Jarrera dotorea, nire ikuspuntutik. Artista ez garenok artistak behar ditugu norbere barneko pentsamendu, sentsazio edota zirrarei forma emateko. Baina eta artista direnek ere bai, bistan denez.

Anboto komunikabide honen web orrian ari nintzen Plateruenako Anariren emanaldiaren bideoa ikusten eta gaiaz idatzi ahal izateko dokumentatze lanetan hasita, hona hemen Google-k egin zidan iradokizuna: utziozu hainbeste pentsatzeari eta askatu zaitez pentsaera diskurtsibotik. Edo Google-k edertotxo ezagutzen nau (seguru baietz) edo “Vinu, cantares y amor” kantaren mezua adierazteko beste modu batzuk ari zitzaizkidan eskaintzen bilatzailerik ospetsuena. Arrazoi biak ala biak ere, gutxienez, harrigarriak.

Eskubideen urraketak gertatzen diren garai honetarako, irtenbide desberdinak ditugu aukeran. Delacroix-ek Frantziako iraultza amaitu eta 30 urtera margotu zuen La Liberté guidant le peuple. Artea iraultzaren osterako uzten dute batzuek. Durangoko azokan, aldiz, geure porroten gaineko gogoeta desberdinetan sustrai hartuta, imajinario berriak helburu dituztela ikusi ditut sortzaile gazteak. Anarik bilatzen zuen esperantzarako kanta gazteengandik datorrela ematen du. Google-n aholkuari men eginez pentsaera diskurtsiboak zehar-lerro bezala baino ez dituzten arte-sorkuntza bideetan barrena proposamen asko eta oso interesgarriak oparitu dituzte artista gazte horiek. Gizarte kohesioa eginez gizarte kohesiorantz.

Y esto que diba a ocurrir - Eso ya nun va ocurrir - Porque tá ocurriendo agora.

Eta gertatzear zena, ez da inoiz gertatuko - gertatzen ari delako.

Kantatu, maitatu eta dantza egin distopiarako bidetik baztertu eta utopiaranzkoa hartzeko.

Ahal DA!

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko abenduaren 10ean. 

https://www.youtube.com/watch?v=r-cUOVDNORk


2021(e)ko azaroaren 2(a), asteartea

GORROTOA

 

GORROTOA

Irakurtzen ez genekienean, kapitel erromanikoen irudiak ziren gure eskola liburuak. Irudi izugarriak ikusten genituen haietan. Piztiak. Monstruoak. Esaterako, grifoak (arrano buru eta perrak dituen lehoia), arpiak (emakume burua, hegazti gorputza, ahuntz hankak eta narrastunaren buztana), sirenak (emakumea gerritik gora eta arraina gerritik behera), zentauroak (gizaki-burua eta zaldi gorputza), basiliskoak (oilarra suge buztanaz), zazpi buruko hidrak eta abar. Bestiario erromaniko beretsua ikusten genuen elizaz eliza eta hari esker ondotxo ikasi genuen des-berdinek zekartzatela galbidea, infernua, bekatua, arima erruduna, eta gauza txar guztiak.

Pentsamenduaren historian inspirazio iturri handia izan dute aipatu dugun kristautasunak bezalaxe beste taxonomia batzuek ere norbanakoaren balio moralen eraikuntzan.

Desberdinari diogun beldurretik omen dator gorrotoa. Gorrotoa: Norbaitenganako gaizkinahizko sentimen bortitza; zerbaiti buruzko higuin edo herra bizia, Euskaltzaindiaren definizioan. Beldurretik, gorrotoz begiratzea dator. Gorrotoz begiratzetik, gorrotoak itsuaraztea eta, ondoren, jarrera irrazionalak.

Gorrotoa modan dago, hala ere. Gorrotatzaileak hater-rak dira sare sozialetan. Antzeko gorrotoa dutenen arteko harremanak errazteko aplikazioak esistitzen dira. Ez dakit “gorroto zaitut” ala “maite zaitut” esateko eta entzuteko beharrak bultzatuta esistitzen ote diren. Paradoxikoak aplikazioak: gorrotoa eta maitasuna antonimoen topalekuak.

Gorrotoa modan dago baina delitua da: gorroto delitua. Delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Legegileen definizioa. Albistegietan, hala ere, gaitzespen eta etsaitasuna gauzatuta ikusten ditugu etengabe eta haratago doazen jarrerak ere bai: bortizkeria, erasoak, jotzea, aurpegia desitxuratzea, zapaltzea, min fisikoa eragitea, odola isuraraztea. Beti (des)berdintasunaren izenean: politegia zarelako, ama aspergarria zarelako, begirada baketsuegia duzulako,… Bideo-jokoetako jarrera zirraragarri berberak. Txipiroiaren jokoa?

Borgesek aipatzen zuen Txinako entziklopedia batean animaliak honela sailkatzen zirela: enperadorearen jabegokoak, enbaltsamatuak, hezituak, txakur askeak, gamelu ilezko pintzel oso finez margotuak, jarroi bat apurtu berri dutenak, zoroen antzera astintzen direnak, zenbatezinak, urrunetik euli antza dutenak,… Taxonomia horrek ez du parametro jakinik. Pertsonen aniztasunak bezalaxe.

Gorrotoa. Kakofono hitza baino kakofonoagoa.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2021eko urriaren 30ean

 

 

2021(e)ko irailaren 22(a), asteazkena

ONDARE BARNERATZAILEA

 

ONDARE BARNERATZAILEA

Bazen behin zinegotzi bat. Esan ziotenean herriko kale bakarrak zuela emakume izena, erraz topatu zion konponbidea: Don Tello kaleari Don Tello y Señora deitzea proposatu zuen. Adibidea baino ez. Baina esanguratsua. Ez da ipuin bat. Ipuin tragikoa akaso. Hamabost bat urte joan dira hartatik eta gaur egun begi-bistakoa egiten zaigu hori ez dela genero ikuspegia udal politiketan txertatzea.

Eskubide berdintasunerako bide horretan, alor asko jorratu behar dira: emakume eta gizonen artekoa aipatu dugu, baina eskubide murritzagoak dituzte baita herritar estandarraren estereotipotik aldentzen direnak ere arraza dela-eta, jatorria, aukera sexual edo afektiboa, gaitasun funtzional edo psikikoa, maila ekonomikoa, egoera zibila, familia eredua, formazio-maila, erlijioa, adina edota itxura fisikoa. Batzuk aipatzearren.

Zer pentsatua ematen du aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauak. Bizkaikoaz arituko naiz, larriagoak ikusi baditut ere. Ondare irisgarri eta inklusiboa da antolatzaileoi agindu zaigun aurtengo gaia. 214 ekitaldi gure lurraldeko katalogoan. LGTBI kolektiboaren historian zeharreko ibilaldia, Txinako pertsonekiko bitxigintza tailerra, itsuentzako egokitutako bisita, zeinu hizkuntza bidezko azalpenak,… Emanaldiak, kontzertuak, erakusketak edo bisitetako 214tik 90, aldarrikapen edo zailtasuna duten kolektiboei zuzenduta daude. Kolektibo horiek publikotzat hartuta, beraz.

Adibidez, anekdota gisa hartzen dugu artea eta historia diskurtsoa duen bisita gidatu bat aniztasun intelektualekoei zuzendutakoa bada. Behin egiteko zerbait, ia zelan, aproba modura, kategoriarik gabekoa eta irauteko borondate barik. Gogoeta sakonetan sartzeko nagi gara, kolokan jartzen digulako artearen edo historiaren kontzeptua bera. Ondarearen kontzeptua bera. Pertsona horiek ez dira gure kultur eskaintzaren helburu. Eta bihar biharkoak.

Gure gizartearen eraikineko zutabeek oinarri sendoak dituzte. Bata elitista da, horko hori androzentrista, beste bat eurozentrista… Eraldaketa lortzeko zutabeak ukitu behar dira,  Gu eta haiek planteamendua baztertzailea baita. Ondarearen kontzeptua berriztatzea premiazkoa da, ondarea barneratzaile egingo badugu.

Behintzat zerbitzu publikoan ari garenok gerribuelta malgutu behar dugu, eredu izatea baitagokigu. Eta gainontzekook ere bai, ustezko ongizatea zalantzan jartzera etorri den sasoi honek hala eskatzen digu-eta. Ondare kontzeptua eraldatzetik gizarte barneratzailera. Hori erronka.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko irailaren 24an.