2014(e)ko martxoaren 21(a), ostirala

K handiz eta k txikiz

Kultura mota biz aritu gaitezen. Bata K handiz idazten da –Euskalduna, klasikoa, Alondegiko Guerrilla Girls-en erakusketa abangoardista, Arco…– eta, bestea, k txikiz –herriko antzokia edo abesbatza, edo titia ematea… Alondegian–. Zein da ona? Zein txarra?
 
Topikoek funtzionatzen dute: leku dotorea, atzerriko orkestra handia, egile izendun baten opera… Nor ausartu aspertu dela esatera? Aktore ospetsuen abangoardiako emanaldi baten ostean... Edo garesti ordaindutakoan.

Kultur gertakariek giza garapenerako bidea ematen dute, eta baita gizartearen kohesiorako ere. Sortzaile eta jasotzailearen artekotik irteten da hausnarketa. Harremanen alaba nagusia da ikaskuntza. Herri baten kultura herritarrek partekatzen dutena da.

Horregatik kultura ez dago aurreko adibideetan soilik. Kultura ez dira ikuskizunak, artea edo jaiak. Harremanetarako erak, sineskeriek, ohiturek, erritualek, janzkerak eta hizkuntzak ere gure kultur ondarea osatzen dute. Eta aisialdirako azturek ere bai. Bati irakurri diot hanburgesategi berriena beste aukera bat dela, eta bertaratzea, hautua. Kultura kontsumoari lotzen zaio, eta batzuetan kanpotik etorritako aisialdi ereduak miresmenezko K handiz idazten ditugu.

Herrigintza horrelako erabaki “txikietan” dago: hanburgesak saltzeko baimena ematean, kultur etxe barik mega-espazioak eraikitzean, etab. Gure egunerokotasuna honelako erabaki txikiek eraikitzen dute, ondorio guztietarako.
http://josunearanguren.blogspot.com.es/
 
Anboto astekarian argitaratua 2014ko martxoaren 21ean.