Erabilera ohikoenean demokrazia hitza eskubideen bermea izendatzeko
darabilgun arren, demokrazia kultur sistema osoa da. Zein eratara, ba, gara
demokrata sistema horretan egunerokoan? Etxean, kalean, lanean,… garatzen
ditugun balore-jarrerek erakutsiko dute zein demokrata garen. Legaltasun
demokratikoaren arabera jarduteko era horrek bizikidetzarako konpromiso morala behar
du izan.
Klientelismoa kulturan ondo
sustrai hartua dugun inguruan, errazena urak dakarrena irenstea da. Horixe besterik
ekarri ezin duelakoan, irentsi beharrekoa delakoan,... Determinismoa? Jainkoak
emana? Itsasgorak besterik ote dakarren ikusteko lepoa jiratu ere egin gabe. Laissez faire, laissez passer inguruak isilik
elikatzen duen jarrera da.
Aldatu nahi duenak, ordea,
ez du egiten urak dakarrena aztertzekotan, baizik eta, justizia helmuga hartuta,
justizia bera duelako xede. Greziarrek demokrazia asmatu zutenean argi zuten legeak
zuela agintea, ez agintariak. Lege onak jakituriaren hazitik jaio dira eta elkartasun
eta justiziarako bidean hazten dira.
Egunerokotasuna goitik
behera antolatua ematen diguten era geldoan bizitzeak inoren iritziak norbere
egitea ere badakar. Horiek ez dira jarrera neutro, inozente eta errugabeak.
Makurkeria morala adierazteko era horiek guztiak, izatez, jarrera baten alde
egitea da: autoritarismoa, intolerantzia, lotsagabekeria eta erantzukizun eta
errespetu eza. Demokraziaren kultura eza.
Anboto Astekarian
argitaratua 2019ko otsailaren 15ean.