2014(e)ko azaroaren 21(a), ostirala

Jakintzarako bideak


Jakintzarako bideak
 
Jakintzari buruzko gogoeta bat oraingoan, asteko gertakizun bik iradokia.

Bata, alabaren bizitzako filosofiako lehen azterketa:  jakintza lortzeko bideak –arrazionaltasuna eta sentiberatasuna-. Bestea lanean antolatu dugun arte garaikideko gazteen artelanez osatutako erakusketa eta bertara lehengo bisita egin zuten laurogei urtetik gorako pertsonen balorazioak.

Taxista izandako nagusi batek, ez zela bera gelan sartuko, berari kotxeak gustatzen zaizkiolako, lan sasoietan pintore izan denari koadroak gustatzen zaizkion bezala. Beste andre batek, irudiko landareak ez direla hemengoak eta ea zein leku ote den hori, hain landare bitxiak dituena, Tenerife edo… Horrelakoak anekdota hutsetik haratagoko iruzkinek lagunduta: ez dut aditzen, gazteen kontuak, badakizu, zer adierazi nahi du horrek?, eta antzekoak, eskultura gehienak begiratu ere egin gabe, koadroetara ohituago edo, antza. Galderak egiten zituzten eta interesa eta jakin-mina erakutsi zituzten.

Esperientzia interesgarria izan zen lehenbizikoz bizi izandakoa zelako eta gainontzekoetan 30-60 urte bitartekoekin ohituta geundelako. Adin horretakook beste era batera erreakzionatzen dugu ezezagunaren aurrean,harrokeriaz, mesprezuz, ukazioz,… Beldurrez, finean?

Alabari esango diot filosofia irakasleari galdetzeko ea zein bide egin duten nagusiek hain jakintsu izateko.

Anboto astekarian argitaratua 2014ko azaroaren 21ean.

2014(e)ko irailaren 12(a), ostirala

Kulturaren kiroltzea


Kulturaren kiroltzea

 

Lesionatu egin naiz. Gertuko ume bati hori entzundakoan, burua bueltaka hasi zitzaidan. Min hartu dut esango genukeen horren ordez, ezta? Globaltze prozesuaren beste ondorio bat honakoa da: kirolak egun bizimodua, kultura eta ingurugiroa baldintzatzen ditu. Jolasetan gorputza mirestearen inguruko kultura txertatu da, eskola kirolean konpetibitatea, jazkeran marken kirola eta osasunean, berriz, teknifikazio handia. Eta guztietan, hizkera berezi bat eta sexismoa.

Berdintze prozesu honek heterogeneitateari ez dio lekurik uzten. Hezitzaile fisiko eta gizartearen analistek azter dezaten norainoko eremua landu dion marken kirolak boterearen inposaketari. Coubertin joku olinpiko modernoen aitatzat dugun baroi jaunak berak izpirituaren kulturizazioa kirola eta higienearen eskutik zetozela esaten zuen eta gainontzeko herrialdeen konkistarako biderik onena kirolariak beste herrialde batzuetan mirestuak izatea zela.

Hogeigarren mendearen hasieran hasi zen kirola modan jartzen: popularizatu egin zen eta grinak pizteari ekin. Osteko bidearen ondorioz, lekuan lekuko praktiketarako lekurik ez dago, formak gizonezkoek ezarriak dira, eta arropa jakin batzuk ibili behar ditugu, zapatila mota asko eduki, atleta izan nahi dugu eta gorputza landu, eta aisialdiko praktika ludikoa izan behar zuena mediku eta zientzilarien esanen arabera eta telebistan ikusten dugunaren arabera egiten dugu.

 

Anboto astekarian argitaratua 2014ko irailaren 9an

 

2014(e)ko maiatzaren 23(a), ostirala

Kulturartekotasuna

Populazio fluxuek eta teknologia berrien bidezko trukeek kontzeptu berriak ekarri dituzte kultur aniztasuna ulertu, azaldu eta kudeatzeko asmotan. Kulturartekotasuna, esaterako. Munduko arroz desberdinen dastatzea, munduko dantzen erakustaldia... gehiago ulertzen dira bestea exotiko hartzetik, kulturen uztarketaranzko pausutzat baino.

Herri batean kultura bat baino gehiago egotea eta horiek bata bestearekin topatzea herrien egoera naturala da. Kulturartekotasuna utopia da, onenean elkarrizketa onartzen duena baina beti liskarren aurrean itsu agertzen dena. Transkultural hitzak, aldiz, onartzen ditu bestea-ren aurrean onarpena zein ukazioa bide zilegitzat.

Prest gaude kategoria berriak pentsatzeko onarpen eta ukazioetan oinarri hartuta? Ala “integra daitezela” idazten dugu eskuinaz, ezkerraz exogenoa jaten dugun bitartean? Liskar horretan gizarte honen lorpen batzuk lagaezinak dira: atzerapausorik ez emakumeen eskubideetan, esaterako. Baina hortik aurrera, elkarrekin eraiki behar den kultura berri bat izango da kulturartekotasun hori. Bestela ez da. Bestela, kulturaniztasuna izango da.

Euskal kultura ikuspuntu anitz, ireki eta asketik behar dugu hartu. Gainontzeko kulturetatik desberdin egiten gaituenari eutsiz beste ekarpen batzuk integratzeko gaitasuna badu, egungo gizartearen beharrei aurre egiteko prest egongo da eta etorkizuna edukiko du.

Anboto astekarian argitaratua 2014ko maiatzaren 23an

2014(e)ko martxoaren 21(a), ostirala

K handiz eta k txikiz

Kultura mota biz aritu gaitezen. Bata K handiz idazten da –Euskalduna, klasikoa, Alondegiko Guerrilla Girls-en erakusketa abangoardista, Arco…– eta, bestea, k txikiz –herriko antzokia edo abesbatza, edo titia ematea… Alondegian–. Zein da ona? Zein txarra?
 
Topikoek funtzionatzen dute: leku dotorea, atzerriko orkestra handia, egile izendun baten opera… Nor ausartu aspertu dela esatera? Aktore ospetsuen abangoardiako emanaldi baten ostean... Edo garesti ordaindutakoan.

Kultur gertakariek giza garapenerako bidea ematen dute, eta baita gizartearen kohesiorako ere. Sortzaile eta jasotzailearen artekotik irteten da hausnarketa. Harremanen alaba nagusia da ikaskuntza. Herri baten kultura herritarrek partekatzen dutena da.

Horregatik kultura ez dago aurreko adibideetan soilik. Kultura ez dira ikuskizunak, artea edo jaiak. Harremanetarako erak, sineskeriek, ohiturek, erritualek, janzkerak eta hizkuntzak ere gure kultur ondarea osatzen dute. Eta aisialdirako azturek ere bai. Bati irakurri diot hanburgesategi berriena beste aukera bat dela, eta bertaratzea, hautua. Kultura kontsumoari lotzen zaio, eta batzuetan kanpotik etorritako aisialdi ereduak miresmenezko K handiz idazten ditugu.

Herrigintza horrelako erabaki “txikietan” dago: hanburgesak saltzeko baimena ematean, kultur etxe barik mega-espazioak eraikitzean, etab. Gure egunerokotasuna honelako erabaki txikiek eraikitzen dute, ondorio guztietarako.
http://josunearanguren.blogspot.com.es/
 
Anboto astekarian argitaratua 2014ko martxoaren 21ean.

2014(e)ko urtarrilaren 24(a), ostirala

LIPUS vs SHAKESPEARE

Heriotza, eromena, mendekua, zalantza, traizioa, boterekeria, familia, ustelkeria, errealitate eta ilusioaren arteko jolasa,… Galderaren aurrean bageunde, horiexek direla esango genuke Hamlet garatzen duten ildoak.

Historian tragediarik antzeztuenetakoa izango da, beharbada. Gai unibertsal horiek guztiak, dakigunez, zalantzaren geruzapean estali zituen Shakespearek. To be or not to be. Tha’s the question. Galdera bakarra. Mendeku hartu ala ez. Zalantzaren prototipoa da Hamlet, gizakiaren izaeraren muinean loturik den adimena eta borondatearen arteko borroka, arrazonamendua eta sentsibilitatea. Nahia eta ezina. Burua eta tripa. Zer gara gu gogoeta barik? Ekintzaile hutsak?

Antzina Danimarkan kontatzen zen legenda batek emozioa sorrarazten zuen belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen zenean. Horregatik jaso eta bilduko zuen apaiz hark XIII. mendean, seguru asko. Eta hirurehun urte beranduago inoizko drama egilerik handiena izendatua izan den Shakespearek berriro ere jaso eta beste errealitate batera egokitu zuen.

Paperean euskaratua bagenuen arren, euskal oholtzetan ikusteke oraindik  Artedramak begi aurreetara ekarri digun arte. Beste laurehun urte geroago.

Gai existentzialisten pribilejioa da mendeetan zeharreko jauzi-jauzika hori. Gaurkotasuna zer den ederki erakutsi zigun Lipusek: gure barneetako fantasmak edozein egoera, liskar, arazo edo bizipenen aurrean, berberak dira.

Eta horregatik maite dugu antzerkia. Taula-gainekoak  geu garelako. Barneak astintzen dizkigulako.

Shakespearek goia jo omen zuen lan honekin. Antzezlanaren barruan antzerkia egin zuelako. Lipusek beste pauso bat eman nahi izan du. Baina, hori ez desbelatzeko eskatu zigun ikusleoi… Noraino, txo?

Eskerrik asko honelako bizipenak posible egiten dituzuen guztioi. Programatzaileei ere bai.

 

Josune Aranguren

Durango

2014(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Parte hartzailetza kulturgintzan

Parte hartzailetza kulturgintzan.

Atalari merezi duen estreina ematekotan, gaiaren hautapenak berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, nork nola eta zertaz aritzetik eratorriak baitira halako edo bestelako kulturazko ikuspegiak. Kulturara hurbildu edo kulturatik urrundu ahal gaituzte gaiek. 

Zenbaitetan geure buruak gaitzat ez ditugu eta. Boteredunen mendeetako jarreraren ondorio da herritarrak “ez dut arteaz ulertzen” esanez Guggenheimeri buruzko iritzia ezin botatzea zuritzea, esaterako. Partehartzea beste gauza bat da. Gure herri txikietako kulturgintzaz ari garelarik, partehartzearen kultura garatuta dugu? Errespetuaren hezkuntzatik datorkigun ikuspegia da, lankidetzan aritu izanak eman diguna, berdintasunezko begiradak sortzen duena, 2+2 lau baino askozaz gehiago delako uste sakona. Sineste bat da, benetako fedea, ez jarrera bat. Udalaren planifikazioa elkarteen lana sendotzean abiatzea, sare sozialen bitartezko iritzi trukaketa, sinergiak elkarrekin egotean bilatzea,…

Herritar konprometituak eskatuko ditugu sorkuntza babestu ez dugunean, herri arazoei irtenbidea emateko elkarlana garatu ez dugunean, informazioa partekatzeko kanalak dinamizatu ez ditugunean. 2.0. teknologiek trebetasunetan aurrera egitea galdegin digute, ez baina trebetasun digitaletan soilik, baizik eta jakinduriaren kudeaketan aldaketa sakona bilatzean ere.

Kultur politika 2.0 Platonen ikasleak asmatu zuen oso aspaldiko Akademia batean. Aspaldi ikasi genion Aristotelesi egia iritzien batuketa baino ez dela eta bere oroimenez, parteka dezagun blog hau.

http://josunearanguren.blogspot.com.es/

Anboto Astekarian argitaratua 2014ko urtarrilaren 17an.