2014(e)ko urtarrilaren 24(a), ostirala

LIPUS vs SHAKESPEARE

Heriotza, eromena, mendekua, zalantza, traizioa, boterekeria, familia, ustelkeria, errealitate eta ilusioaren arteko jolasa,… Galderaren aurrean bageunde, horiexek direla esango genuke Hamlet garatzen duten ildoak.

Historian tragediarik antzeztuenetakoa izango da, beharbada. Gai unibertsal horiek guztiak, dakigunez, zalantzaren geruzapean estali zituen Shakespearek. To be or not to be. Tha’s the question. Galdera bakarra. Mendeku hartu ala ez. Zalantzaren prototipoa da Hamlet, gizakiaren izaeraren muinean loturik den adimena eta borondatearen arteko borroka, arrazonamendua eta sentsibilitatea. Nahia eta ezina. Burua eta tripa. Zer gara gu gogoeta barik? Ekintzaile hutsak?

Antzina Danimarkan kontatzen zen legenda batek emozioa sorrarazten zuen belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen zenean. Horregatik jaso eta bilduko zuen apaiz hark XIII. mendean, seguru asko. Eta hirurehun urte beranduago inoizko drama egilerik handiena izendatua izan den Shakespearek berriro ere jaso eta beste errealitate batera egokitu zuen.

Paperean euskaratua bagenuen arren, euskal oholtzetan ikusteke oraindik  Artedramak begi aurreetara ekarri digun arte. Beste laurehun urte geroago.

Gai existentzialisten pribilejioa da mendeetan zeharreko jauzi-jauzika hori. Gaurkotasuna zer den ederki erakutsi zigun Lipusek: gure barneetako fantasmak edozein egoera, liskar, arazo edo bizipenen aurrean, berberak dira.

Eta horregatik maite dugu antzerkia. Taula-gainekoak  geu garelako. Barneak astintzen dizkigulako.

Shakespearek goia jo omen zuen lan honekin. Antzezlanaren barruan antzerkia egin zuelako. Lipusek beste pauso bat eman nahi izan du. Baina, hori ez desbelatzeko eskatu zigun ikusleoi… Noraino, txo?

Eskerrik asko honelako bizipenak posible egiten dituzuen guztioi. Programatzaileei ere bai.

 

Josune Aranguren

Durango

2014(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Parte hartzailetza kulturgintzan

Parte hartzailetza kulturgintzan.

Atalari merezi duen estreina ematekotan, gaiaren hautapenak berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, nork nola eta zertaz aritzetik eratorriak baitira halako edo bestelako kulturazko ikuspegiak. Kulturara hurbildu edo kulturatik urrundu ahal gaituzte gaiek. 

Zenbaitetan geure buruak gaitzat ez ditugu eta. Boteredunen mendeetako jarreraren ondorio da herritarrak “ez dut arteaz ulertzen” esanez Guggenheimeri buruzko iritzia ezin botatzea zuritzea, esaterako. Partehartzea beste gauza bat da. Gure herri txikietako kulturgintzaz ari garelarik, partehartzearen kultura garatuta dugu? Errespetuaren hezkuntzatik datorkigun ikuspegia da, lankidetzan aritu izanak eman diguna, berdintasunezko begiradak sortzen duena, 2+2 lau baino askozaz gehiago delako uste sakona. Sineste bat da, benetako fedea, ez jarrera bat. Udalaren planifikazioa elkarteen lana sendotzean abiatzea, sare sozialen bitartezko iritzi trukaketa, sinergiak elkarrekin egotean bilatzea,…

Herritar konprometituak eskatuko ditugu sorkuntza babestu ez dugunean, herri arazoei irtenbidea emateko elkarlana garatu ez dugunean, informazioa partekatzeko kanalak dinamizatu ez ditugunean. 2.0. teknologiek trebetasunetan aurrera egitea galdegin digute, ez baina trebetasun digitaletan soilik, baizik eta jakinduriaren kudeaketan aldaketa sakona bilatzean ere.

Kultur politika 2.0 Platonen ikasleak asmatu zuen oso aspaldiko Akademia batean. Aspaldi ikasi genion Aristotelesi egia iritzien batuketa baino ez dela eta bere oroimenez, parteka dezagun blog hau.

http://josunearanguren.blogspot.com.es/

Anboto Astekarian argitaratua 2014ko urtarrilaren 17an.