2019(e)ko maiatzaren 30(a), osteguna

Afektibitatearen kultura


Afektibitatearen kultura

Bi politiko zerrendabururen arteko besarkada, mailaz igoko den futbol taldearen entrenatzailearen jarraitzaileentzako bertsoa, heriotzaren aurrean isurtzen ditugun malkoak,… Amaigabeak dira adibideak egunerokotasunean. Emozioak adierazten ditugu. Eta emozioak partekatzen ditugu. Partekatzen baditugu, seinale da horiek espresatzeko kode bera erabiltzen dugula: kode bera adierazitakoa eta ulertutakoa bat etor daitezen.
Urteetan antropologia eta gizarte zientziek esan digute emozioen gaia ez dela euren jakintza arlokoa eta medikuntzaren aztergaitzat baztertu dute. Baina gure gizartea ere espresatzen da. Gure bitartez espresatu gainera. Ilusioak, pozak edo doluak gure gorputzak zeharkatzen dituztenean ez dira edonola azaltzen, arbitrarioki, ez eta naturalki. Emozio bera desberdin agertarazten du gizarte bakoitzak (ostean norbanakoak pertsonalizatuko duena). Afektibitatearen kulturak gizartea zeharkatzen du, komunean dugun jakintzetako bat da eta bizitzako gertakarien aurrean zelan jokatu erakusten digu. Horri esker ulertzen diogu batak besteari eta jakin dezakegu sentipen bera ari garela bizi izaten une jakin batean.
Baina eta, afektibitatearen kultura gizartea eraikitzeko ore izateaz gain, gizartea kohesiorako faktore ere badela esango nuke. Emozioak konpartitzen ditugunean orearen kalitatea hobetzen dugu. Beste behin ere, kultura interpretaziorako ezinbesteko tresna da gertakizunak “erreal” bezalako ulertu eta bizi ahal izan ditzagun.

Anboto Astekarian argitaratua 2019ko maiatzaren 31n