2021(e)ko abenduaren 11(a), larunbata

Vinu, cantares y amor

 

Vinu, cantares y amor

Nacho Vegasen kantaren izenburua hartu dut kolaborazio honen izenburutzat nik ere. Gure arteko batzuontzako Anarik bihurtu digu ezagun kanta hori. “Que si nun hai vinu, cantares y amor, Non, esta nun ye la mío revolución” asturiarraren “Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza!” bertsioa eman digu azkoitiarrak.

Ez dugu orain gogora ekarriko Anarik eta lagunek bideoa grabatu eta gutxira Putzuzulo Ametsen Fabrika eraistea agindu zutenekoa. Gogoeta bidera dezagun, hobeto, kantaria bertsioa egitera bultzatu zuen bilaketara: bizi ditugun garaietarako esperantzarako kanta antzeko bat sortzekotan ezin asmatua aitortu du artistak bertsioa egitera bultzatu zuen arrazoitzat. Jada sorturik zegoen kanta ikusi zuen egoki bere bilaketan sortu beharra sumatzen zuena islatzeko. Jarrera dotorea, nire ikuspuntutik. Artista ez garenok artistak behar ditugu norbere barneko pentsamendu, sentsazio edota zirrarei forma emateko. Baina eta artista direnek ere bai, bistan denez.

Anboto komunikabide honen web orrian ari nintzen Plateruenako Anariren emanaldiaren bideoa ikusten eta gaiaz idatzi ahal izateko dokumentatze lanetan hasita, hona hemen Google-k egin zidan iradokizuna: utziozu hainbeste pentsatzeari eta askatu zaitez pentsaera diskurtsibotik. Edo Google-k edertotxo ezagutzen nau (seguru baietz) edo “Vinu, cantares y amor” kantaren mezua adierazteko beste modu batzuk ari zitzaizkidan eskaintzen bilatzailerik ospetsuena. Arrazoi biak ala biak ere, gutxienez, harrigarriak.

Eskubideen urraketak gertatzen diren garai honetarako, irtenbide desberdinak ditugu aukeran. Delacroix-ek Frantziako iraultza amaitu eta 30 urtera margotu zuen La Liberté guidant le peuple. Artea iraultzaren osterako uzten dute batzuek. Durangoko azokan, aldiz, geure porroten gaineko gogoeta desberdinetan sustrai hartuta, imajinario berriak helburu dituztela ikusi ditut sortzaile gazteak. Anarik bilatzen zuen esperantzarako kanta gazteengandik datorrela ematen du. Google-n aholkuari men eginez pentsaera diskurtsiboak zehar-lerro bezala baino ez dituzten arte-sorkuntza bideetan barrena proposamen asko eta oso interesgarriak oparitu dituzte artista gazte horiek. Gizarte kohesioa eginez gizarte kohesiorantz.

Y esto que diba a ocurrir - Eso ya nun va ocurrir - Porque tá ocurriendo agora.

Eta gertatzear zena, ez da inoiz gertatuko - gertatzen ari delako.

Kantatu, maitatu eta dantza egin distopiarako bidetik baztertu eta utopiaranzkoa hartzeko.

Ahal DA!

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko abenduaren 10ean. 

https://www.youtube.com/watch?v=r-cUOVDNORk


2021(e)ko azaroaren 2(a), asteartea

GORROTOA

 

GORROTOA

Irakurtzen ez genekienean, kapitel erromanikoen irudiak ziren gure eskola liburuak. Irudi izugarriak ikusten genituen haietan. Piztiak. Monstruoak. Esaterako, grifoak (arrano buru eta perrak dituen lehoia), arpiak (emakume burua, hegazti gorputza, ahuntz hankak eta narrastunaren buztana), sirenak (emakumea gerritik gora eta arraina gerritik behera), zentauroak (gizaki-burua eta zaldi gorputza), basiliskoak (oilarra suge buztanaz), zazpi buruko hidrak eta abar. Bestiario erromaniko beretsua ikusten genuen elizaz eliza eta hari esker ondotxo ikasi genuen des-berdinek zekartzatela galbidea, infernua, bekatua, arima erruduna, eta gauza txar guztiak.

Pentsamenduaren historian inspirazio iturri handia izan dute aipatu dugun kristautasunak bezalaxe beste taxonomia batzuek ere norbanakoaren balio moralen eraikuntzan.

Desberdinari diogun beldurretik omen dator gorrotoa. Gorrotoa: Norbaitenganako gaizkinahizko sentimen bortitza; zerbaiti buruzko higuin edo herra bizia, Euskaltzaindiaren definizioan. Beldurretik, gorrotoz begiratzea dator. Gorrotoz begiratzetik, gorrotoak itsuaraztea eta, ondoren, jarrera irrazionalak.

Gorrotoa modan dago, hala ere. Gorrotatzaileak hater-rak dira sare sozialetan. Antzeko gorrotoa dutenen arteko harremanak errazteko aplikazioak esistitzen dira. Ez dakit “gorroto zaitut” ala “maite zaitut” esateko eta entzuteko beharrak bultzatuta esistitzen ote diren. Paradoxikoak aplikazioak: gorrotoa eta maitasuna antonimoen topalekuak.

Gorrotoa modan dago baina delitua da: gorroto delitua. Delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Legegileen definizioa. Albistegietan, hala ere, gaitzespen eta etsaitasuna gauzatuta ikusten ditugu etengabe eta haratago doazen jarrerak ere bai: bortizkeria, erasoak, jotzea, aurpegia desitxuratzea, zapaltzea, min fisikoa eragitea, odola isuraraztea. Beti (des)berdintasunaren izenean: politegia zarelako, ama aspergarria zarelako, begirada baketsuegia duzulako,… Bideo-jokoetako jarrera zirraragarri berberak. Txipiroiaren jokoa?

Borgesek aipatzen zuen Txinako entziklopedia batean animaliak honela sailkatzen zirela: enperadorearen jabegokoak, enbaltsamatuak, hezituak, txakur askeak, gamelu ilezko pintzel oso finez margotuak, jarroi bat apurtu berri dutenak, zoroen antzera astintzen direnak, zenbatezinak, urrunetik euli antza dutenak,… Taxonomia horrek ez du parametro jakinik. Pertsonen aniztasunak bezalaxe.

Gorrotoa. Kakofono hitza baino kakofonoagoa.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2021eko urriaren 30ean

 

 

2021(e)ko irailaren 22(a), asteazkena

ONDARE BARNERATZAILEA

 

ONDARE BARNERATZAILEA

Bazen behin zinegotzi bat. Esan ziotenean herriko kale bakarrak zuela emakume izena, erraz topatu zion konponbidea: Don Tello kaleari Don Tello y Señora deitzea proposatu zuen. Adibidea baino ez. Baina esanguratsua. Ez da ipuin bat. Ipuin tragikoa akaso. Hamabost bat urte joan dira hartatik eta gaur egun begi-bistakoa egiten zaigu hori ez dela genero ikuspegia udal politiketan txertatzea.

Eskubide berdintasunerako bide horretan, alor asko jorratu behar dira: emakume eta gizonen artekoa aipatu dugu, baina eskubide murritzagoak dituzte baita herritar estandarraren estereotipotik aldentzen direnak ere arraza dela-eta, jatorria, aukera sexual edo afektiboa, gaitasun funtzional edo psikikoa, maila ekonomikoa, egoera zibila, familia eredua, formazio-maila, erlijioa, adina edota itxura fisikoa. Batzuk aipatzearren.

Zer pentsatua ematen du aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauak. Bizkaikoaz arituko naiz, larriagoak ikusi baditut ere. Ondare irisgarri eta inklusiboa da antolatzaileoi agindu zaigun aurtengo gaia. 214 ekitaldi gure lurraldeko katalogoan. LGTBI kolektiboaren historian zeharreko ibilaldia, Txinako pertsonekiko bitxigintza tailerra, itsuentzako egokitutako bisita, zeinu hizkuntza bidezko azalpenak,… Emanaldiak, kontzertuak, erakusketak edo bisitetako 214tik 90, aldarrikapen edo zailtasuna duten kolektiboei zuzenduta daude. Kolektibo horiek publikotzat hartuta, beraz.

Adibidez, anekdota gisa hartzen dugu artea eta historia diskurtsoa duen bisita gidatu bat aniztasun intelektualekoei zuzendutakoa bada. Behin egiteko zerbait, ia zelan, aproba modura, kategoriarik gabekoa eta irauteko borondate barik. Gogoeta sakonetan sartzeko nagi gara, kolokan jartzen digulako artearen edo historiaren kontzeptua bera. Ondarearen kontzeptua bera. Pertsona horiek ez dira gure kultur eskaintzaren helburu. Eta bihar biharkoak.

Gure gizartearen eraikineko zutabeek oinarri sendoak dituzte. Bata elitista da, horko hori androzentrista, beste bat eurozentrista… Eraldaketa lortzeko zutabeak ukitu behar dira,  Gu eta haiek planteamendua baztertzailea baita. Ondarearen kontzeptua berriztatzea premiazkoa da, ondarea barneratzaile egingo badugu.

Behintzat zerbitzu publikoan ari garenok gerribuelta malgutu behar dugu, eredu izatea baitagokigu. Eta gainontzekook ere bai, ustezko ongizatea zalantzan jartzera etorri den sasoi honek hala eskatzen digu-eta. Ondare kontzeptua eraldatzetik gizarte barneratzailera. Hori erronka.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko irailaren 24an.

 

 

 

 

2021(e)ko uztailaren 5(a), astelehena

Pertsonaiak

 

Pertsonaiak

Neure burua harrapatu dut inoren zaborrontzitik Ripley eta Celestina erreskatatzen. Ulertuko duzue: nire parte dira. Max Estrella, Maja biluzia, Mortadelo, Bernarda Alba, Izeba Tula, Errege Magoak, Pippi Kaltzaluze, Superman, Tintin, Anbotoko Mari, David Copperfield, Frankestein, Mafalda, Skywalker, Tartalo, Drakula, Agate Deuna, Sherlock Holmes, ET, Peter Pan, Madame Bovary, Don Vito Corleone, Alice, Printze Txikia, Bostak, Headcliff, Jane Eyre, Itziarren semea, El mochuelo eta Zalakain bezainbeste.

Norbere fikziozko pertsonaiek espazioan eta denboran kokatzen gaituzte. Zenbaitetan inoraez edota inoizez-era eraman ostean, hona eta gaur egunera bueltatzen gaituztelako. Zirrarak biziarazi dizkigute gure bizitzatik eurena bizi izan dugunean. Ume eta gaztetan, batez ere. Askotan bizitzak berak ematen ez dizkigunak. Agian artean adinik ez genuelako. Horregatik maite ditugu: euren esperientzien protagonista izatearekin, geugan gure beste izaerak pizten dizkigutelako.

Bizitzan zeharreko pertsonaiak topatuak dira, ez bilatuak: edo irakasleak agindutako irakurgaian daude, edo lagunak proposatutako filmean edo museoko bisita planifikatu gabean, edo familiako ohituran, edo izekoren egongelako komikian, edo eskolako liburutegiko apal batean.

Inoiz maitasunezko istorioaren bila joan eta Gaztelako landa eremuko bizimoduan ehizan aritu izan gara eta, beste inoiz, gerra aurreko sasoira irakasleak abiarazita, Madrilgo kafe bateko tertuliakide izan gara. Momentu mistikoetatik aurrera, betiko geure dira Londoneko galtzada-harrien soinu-distirak, New Yorkeko porlanezko eraikinen arteko zurrunbiloak, marmolezko mahaitxo baten inguruko sekretu isilak, lutoz janztearen tristura, paramoan aurre egiten digun txakurrak eragindako ikara edo banpiroaren lepoko hozkadaren sentsazio kontraesankorrak.

Pontevedrako aldea batera joan eta Valle Inclán-en pertsonaiak pertsona bihurtzen direnean, irakurketak norbere ondare izateak gure bizipenak eraldatzen dituela somatzen dugunean, beste behin ere hortaz elikatu beharra nozitzen dugunean, geure bizitzako pertsonaiei aitortza egiten diegu. Agian Victoria Erreginaren London-era bidaiatzeko aukera kimera da. Hala ere, beharbada kultura horren herentzia duen norbait ezagutzeko parada datorkizu. Batek daki.

Kixotezkoa da egungo egoera. Galdeiozu Heidi baizina. Don Juaneotan ari zen. Nire Julieta zara. Yupiren munduan bizi zara. Gure unibertsalen parte dira, gure kultura eta hizkuntzakoak. Gure kosmogoniakoak.

Eurak hor daude. Gure zain. Gure munduari parametroak ematen laguntzeko gertu.

Anboto astekarian argitaratua 2021eko uztailaren 2an. 

2021(e)ko ekainaren 30(a), asteazkena

Faseak

 

FASEAK

Euskaraz sortu eta gaztelaniaz eskolaratzearen ondorioz, “fase A, fase B eta fase C” ikasi genituen “A fasea, B fasea eta C fasea” ikasi baino lehen. Horrela, Mundu Gerraren faseak, ilargiaren faseak, ur-tanta baten ibilbidearen faseak, zelula banatzearen faseak,… Horiexek izan ziren gure hastapenetako faseak.

Irakaskuntzan, ostean, gogoan dut hitz hori ohiko genuela ikastaldea deskribatzean, ikasprozesuko ezaugarriez aritzean edota baita eduki gramatikalak faseka zatikatzen genituenean ere, hobeto irakatsiko genituelako ustean edo.

Baina, zer adierazten digute faseek? Denbora tarteak, eboluzioa eta aldaketak. Horien bitartez mugatu daiteke fasea zer den. Gure burmuinak antolatu zaleak dira eta, ondorioz, faseka banatu behar izaten dituzte ezagupenak, behar bezala ulertzekotan.

Fase analogikotik digitalerako erresistentziez entzun berri dut, telelanari buruzko ikastaro batean gaur goizean. Fase horretaranzko bidean bainaiz. Ez dakit deseskalatzearen zein fasetan gauden edota pandemiari zenbat eta zeintzuk fase geratzen zaizkion zeharkatzeko oraindik ere. Txertaketak ere, nola ez, faseka datoz. Faseak, faseak nonahi.

Ilargiaren menpeko edo bestelako, hilero ere emakumezkoek geure faseak ditugu. Eta adin batetik aurrera, gainera, beste fase batzuei buruzko informazioaren bila abiatu beharreko fasea heltzen zaigu: doluaren faseak, hilekoaren erretiroaren faseak edota lo-orduen faseak.

Zein fasetan zaudete zuek? Zein fasetan nago ni? Amaitzear ote da fase hau? Zure hurrengo fasea zein da? Fase aldaketa hau luzetxoa ez al da? Hasi eta amaitu egiten baitira faseak. Beti. Ala ez beti?

Aldaketa bera fase bihurtzen ari zaigula nabaritzean, sokan ibiltzen ikasteko fasea dator. Edo orduko eskola erdaldun hartan ikasi genuenaren arabera, “se hace camino al andar”. Nago ia faseak iragangaitz bihurtuz ez ote doazen. Egunerokoan geure buruei goizero egiten diogun azterketa txikitxoa honakoa da: zelako altxatu naiz gaur? fase berri batean sentitzen al naiz? Lanean, osasunean, harremanetan, gorpuzkeran… Ala mindfulness beharraren fasean somatzen nauzue, akaso?

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko martxoaren 5ean