2018(e)ko otsailaren 8(a), osteguna

Txotxek ereindakoa



Txotxek ereindakoa

Egunotakoek erakusten digute Txotxek herrian utzi dituen hutsunea eta arrastoa. Ikasle ohien omenaldiak dira gehienak. Ez da kasualitatea antzerki irakasle batek eragin izana hori guztia. Bateratzeko indar berezia duten bi elkartzen ziren: antzerkia eta Txotxe. Antzerkigintza indarrak, disziplinak, teknikak, harremanak integratzeko bidetzat jotzen dugunok, Kurutziaga Ikastolak Txotxeren proiektua kurrikulumean integratuta izatea goraipatzen dugu. Izan ere, aktibitatea aurrera ateratzeko lokarria bizitzara hedatzen irakasten baitzuen.

Eneko Sagardoy ikasle Goyadunak Berria egunkariko elkarrizketan aitortzen zion horixe beraxe: “antzerkiak daukan botererik handiena erakutsi zidan… Ispilu lan handia egin zuen nirekin eta beste gazte guztiekin” eta oholtzako lanaz zioena: “jendeari ematen diogun deskantsu bat, baina ez deskantsu pasibo bat; deskantsu hori, gero, are aktiboago bilakaturik aterako da aretotik. (…) Eta ahalik eta gauza gehien aurkitu nahi ditut nik bizitzan, neure baitan eta kanpoan, eta horretarako aukera ematen dit antzerkiak. Hunkigarria da hori.” Aintzinako greziarrek zergatik sortu eta maitatzen zuten tragedia? Pertsonaia norbera garelako.

Maisua zen Txotxe, stricto sensu. Goya sarietako gauean bere aitorpena lortu zuen. Patuaren ironiak. Ikasle bakoitzaren gaitasun edo abilezian antzezlanerako ataza bihurtzen zituen, inor baztertu barik. Maisutzat daukagun Jakoba Errekondok oraintsu Durangon azaldu duen bidetik, esan dezagun kultura cultivare-tik datorrela eta zain dezagun guztion artean Txotxek ereindakoa.

http://josunearanguren.blogspot.com.es/

Anboto Astekarian argitaratua 2018ko otsailaren 9an.