2018(e)ko azaroaren 15(a), osteguna

Welcome eskuliburua



Pentsatu eskuliburu bat idatzi behar dugula gure artera datozenei emateko eta bertan Euskal Herriak eman eta eskatuko dienaz nahi bezain luze jardun dezakegula. Zerbitzu sozialek egiten dute baina pertsona jakinen premietara egokituta egin ere. Gure asmoa bestelakoa litzateke eta bizikide berri horiez gain Erasmus beka bati esker gure artean ikasturtea emango duenak, enpresaren egitasmo berria garatzera sasoitxo baterako datorrenak, turistek (hitzak barnean hartzen baititu etorkin ilegalak) eta arrazoia edozein dela medio bizikide izango ditugunek irakurri eta barneratuko luketen eskuliburua ari gara idazten.
Erabaki dezagun, beraz, zer jaso eskuliburu horretan. Oinarrizko zerbitzu sozial eta antzekoei buruzko orrialdeez gain, adostu dezagun zertaz idatzi. Euskaraldia? Erasoaren inguruan gizona “zuria” izatea aipatu izanaren inguruko eztabaida? OƱatiko migratzaileentzako zentroa eredugarritzat aipatzen dela? Eskoletako kurrikuluak pixkanaka zeharkatzen duen aniztasunaz zer ulertzen dugun? Etorri-berria Halloween gaueko ikaratik sendatu gabeko MTV Sariekin gozatzen ari den Black Friday-rako bidean doan herri batera heldu dela jabetuko da berehala, eskuliburu beharrik gabe.
Badakit leku batzuetan egiten dela eta etorri-berriari harrera egitean argi azaltzen zaiola zein den gizarte haren printzipio gidaria, kultura harrotasunez erakusten zaiola eta horretara baldintzatzen dela onarpena eta osteko elkarrekin eraikitzea. Globalizazioa eta migrazioaz identitatearen eraikuntzatik hitz egiten duenik ez dut entzuten.
http://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2018ko azaroaren 19an