2020(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

Kuxkuxeroak

 Lagun bat Facebooken zerk dibertitzen duen irakurtzean harridura nozitu dut. Estimatua dut bera, estetika ulertzeko duen moduagatik, besteak beste. Esteta izatea jarrera da bere bizitzan, esango nuke. Finetan finenetakoa.


Facebookeko bere profila nork kuxkuxeatzen duen kuxkuxeatzeak dibertitzen omen du bera.


Harritu behar ote ninduen pentsatzeari ekin eta estatistika bat gogora: ikusezin bagina, zer egin nahi izango genuke gutako gehienok? Hona galderaren erantzunik ohikoena: kuxkuxean aritzea, hots, inork ikusten ez gaituela, inori so egotea.


Onartu dezagun nahi hori gu guztiongan dagoela, gizakiaren izaeran dagoela. Onar dezagun honakoa baita: inoren etxe barruan gertatzen denetik, guztia jakin nahi dugula, ez bakarrik maindire arteko kontuak. Guztia. Afaria prestatzen denbora ematen dute ala hozkailutik ateratzen den lehena jaten? Nork lixatzen du etxean eta zer lixatzen du? Eta zer ez? Etxekoetan nor da maitakorrena? Nor agintariena? Telebistako zeintzuk saio ikusten dituzte? Etxean otso da kanpoko usoa? Gure Facebookeko horma begiratzen ari dira? Gutaz hitz egiten? Gure etxeko horma atzean kuxkuxeatzen, akaso?


Hitchcock-en filmeen arrakastaren giltzetako bat gugan suspensea erabiltzeko zuen
maistratasuna zen: Rear window izenekoan hasieratik James Stewart-en konplize egiten gaitu. Filmeak protagonistaren prismatikoen atzean izkutatzen gaitu begira jakinminez. Gaixotasunak leiho ondotik mugitu ezinik duen horrentzat bizikide guztiak dira behatuak izateko onak: eskultorea, ezkonberriak, txakurraren jabe biak, pianojolea zein emakume erromantikoa.


Unibertso txikia osatzen da Manhattaneko bizikideen patioan, pertsonaia guztien bizitza
aurreko jarrera desberdinen batuketa baino ez dena. Durangaldeko patio bakoitzean mundu osoa dagoen bezalaxe.


Irudikatzen dut lagun esteta hori, James Stewart bezala, oina igeltsuan duela, leiho bakoitzeko bizitza bakoitzean edertasuna bilatzen eta topatzen. Bere begietatik ikusi nahi dut eta berari ere begiratuko nioke, bai.

Anboto Astekarian argitaratua 2020ko urriaren 16an