2021(e)ko azaroaren 2(a), asteartea

GORROTOA

 

GORROTOA

Irakurtzen ez genekienean, kapitel erromanikoen irudiak ziren gure eskola liburuak. Irudi izugarriak ikusten genituen haietan. Piztiak. Monstruoak. Esaterako, grifoak (arrano buru eta perrak dituen lehoia), arpiak (emakume burua, hegazti gorputza, ahuntz hankak eta narrastunaren buztana), sirenak (emakumea gerritik gora eta arraina gerritik behera), zentauroak (gizaki-burua eta zaldi gorputza), basiliskoak (oilarra suge buztanaz), zazpi buruko hidrak eta abar. Bestiario erromaniko beretsua ikusten genuen elizaz eliza eta hari esker ondotxo ikasi genuen des-berdinek zekartzatela galbidea, infernua, bekatua, arima erruduna, eta gauza txar guztiak.

Pentsamenduaren historian inspirazio iturri handia izan dute aipatu dugun kristautasunak bezalaxe beste taxonomia batzuek ere norbanakoaren balio moralen eraikuntzan.

Desberdinari diogun beldurretik omen dator gorrotoa. Gorrotoa: Norbaitenganako gaizkinahizko sentimen bortitza; zerbaiti buruzko higuin edo herra bizia, Euskaltzaindiaren definizioan. Beldurretik, gorrotoz begiratzea dator. Gorrotoz begiratzetik, gorrotoak itsuaraztea eta, ondoren, jarrera irrazionalak.

Gorrotoa modan dago, hala ere. Gorrotatzaileak hater-rak dira sare sozialetan. Antzeko gorrotoa dutenen arteko harremanak errazteko aplikazioak esistitzen dira. Ez dakit “gorroto zaitut” ala “maite zaitut” esateko eta entzuteko beharrak bultzatuta esistitzen ote diren. Paradoxikoak aplikazioak: gorrotoa eta maitasuna antonimoen topalekuak.

Gorrotoa modan dago baina delitua da: gorroto delitua. Delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Legegileen definizioa. Albistegietan, hala ere, gaitzespen eta etsaitasuna gauzatuta ikusten ditugu etengabe eta haratago doazen jarrerak ere bai: bortizkeria, erasoak, jotzea, aurpegia desitxuratzea, zapaltzea, min fisikoa eragitea, odola isuraraztea. Beti (des)berdintasunaren izenean: politegia zarelako, ama aspergarria zarelako, begirada baketsuegia duzulako,… Bideo-jokoetako jarrera zirraragarri berberak. Txipiroiaren jokoa?

Borgesek aipatzen zuen Txinako entziklopedia batean animaliak honela sailkatzen zirela: enperadorearen jabegokoak, enbaltsamatuak, hezituak, txakur askeak, gamelu ilezko pintzel oso finez margotuak, jarroi bat apurtu berri dutenak, zoroen antzera astintzen direnak, zenbatezinak, urrunetik euli antza dutenak,… Taxonomia horrek ez du parametro jakinik. Pertsonen aniztasunak bezalaxe.

Gorrotoa. Kakofono hitza baino kakofonoagoa.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2021eko urriaren 30ean