Hygge
Danimarkarrak munduko zoriontsuenen bilakatu dira, suitzar eta
islandiarrei garaikurra irabazi ostean. Bizitzaren aurrean hygge (hu-ga
ahoskatzen da) jarreraz lortu dute. Ongizatea bilatzean datza: erlaxatu eta
ahalik eta etxekoen sentitu eta bizitzako ardurak ahaztu. Norbere burua zaindu,
zigorrik ez hartu, bizitzako uneak atsegin bihurtzen ahalegindu,
egunerokotasuna berezi egin eta atsegina bilatu une oro. Etxea bizitzaren
agertoki eta sozializatzeko espazio duten herrialdean, abegikortasuna da nagusi,
oinarri dituen bost zutabeetan islatuta: giroa, arropa, janaria, jarduerak eta
konpainia. Kandelak, egurra eta gai naturalak, kolore beroak, txokolatea ere
beroa,… herrialderik hotzenetakoan. Armairua toperaino betetzeaz eta kotxea
aldatzeaz ahaztu.
Horrek guztiak partekatzetik hartzen du zentzua, bizi-jarduera
ni-gan garatu beharrean, gu-gan garatzetik. Guztion ongizatea bilatzeak eraman
ditu helmuga horretara daniarrak eta hala egitearen kontzientzia aldarrikatzen
dute.
Kontzientziaren aldarrikapena azkenaldion maizegi entzun ez ote dugun
nago. Elikadura kontzientea, kontsumo kontzientea, ez estresatzeko kontzientzia
hartu, umeen heziketa kontzientea praktikatu eta abar zabaldu dira aldaketarako
giltza eskatzen duten prozesuetan.
Burujabetasuna galdu dugula uste badugu, askatasunaren bidetik
aldenduta sentitzen bagara, piztu dezagun kandelatxo bat afalorduan.
Anboto Astekarian argitaratua 2018ko apirilaren 27an.