Arauak eta
gomendioak
Idazteko
gaia aukeratuta, gogora datorkit pediatra haren gomendioa: “zure poltsikoak
ahal badu, marka honetako pixoihalak onenak zure umearentzat”. Langile publiko
batengandik entzuniko lotsagaberiarik haundienetakoa. Koka ezazue burua une
batez autoritatea ematen dizuen lanpostu batean eta diru-etekina edo onura
ekarriko dizuen “gomendioa” egiten/ematen/luzatzen. Larrua behar da, ezta?
Gogoan
ditut baita euskara irakasle garaiak ere. Haiek ziren haiek gure ahaleginak
ikasleek Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak desberdin zitzaten, funtsezkoa
baitzen zuzentzeko irizpideak jartzean, azterketak zuzentzean edota, ikaslearen
erabakitzeko/aukeratzeko gaitasunaren mugak ezartzean.
Aholku-emailea
botere leku batean dago jasotzailearekiko. Hala ere, aholkuak iritzi
subjektiboak dira, inoren jokabidea alde baterantz edo beste baterantz
bideratzeko asmotan emanikoak.
Kapazak
zarete gurasoekin bizi zinetela, haiek hezitzen zintuzten sasoi hartan, etxean
bete beharrekoak arau ala gomendioak ziren bereizteko? Zalantzak jartzen
zenituzten ala zeuen onerako zirela pentsatzen zenuten, bete ala ez? Ez ditugu
hain erraz bereizten menpeko garenean.
Oinak
lurren baten gainean behar ditugunez, zerbait sinestu behar dugu eta prest
gaude sinesteko orain arteko osasuna babesteko arauak adituen txosten edo
irizpideetan oinarrituak zirela. Orain, ordea, beste garai bat hasi da:
aholku-emaileen garaia. Bitxikeria bat: aholku-emaileen ezaugarri da ez
formaziorik ez kontzientziarik ez izatea. Adituen txostenik ez dute behar hauek
eta euren eskumenen mugen kontzientziarik ez dute.
Totalitarismoa
segurtasunaren izenean. Ustezkoarenean.
Mesedez, ez
niri aholkurik eman. Ez gomendiorik. Nire erantzukizun pertsonala aipatuz,
gutxiago. Agintaritik aholkulari espitualera bihurtzeko baimena geuk eman
diegu, irudi hori islatu dugu eurengan eta nortasun horretaz euren burua jantzi
dute. Edozein agintarik, orain, kudeatzen duen eraikin publiko baten
erabilerarako gomendioak ematera ausartzen da. Autoritatea edukitzearen sentsazioa
dute, une batez jakintsu dira, prestigio ikututxoa ere bai, ezta? Luzatu lepoa
eta atera hadi kalera, agintari osasun zaindari! Umeak edo ardurabakoak bagina
bezala artatu gaitzazue lasai asko: gutaz kezkatzen zaretela pentsatuko
dugu.
Prest ote
daude eurek gure aholkuak entzuteko? Komisionista etiko hauek zergatik ez
gaituzte besteek beste haserrearazten? Baduzu inguruan horrelakorik? Ego-a
handitu zaio azkenaldian?
Anboto
Astekarian argitaratua 2022ko apirilaren 29an.