2019(e)ko irailaren 18(a), asteazkena

“Zentsura” instituzionala

“Zentsura” instituzionala
Gertukook izerditan ikusten ditugu programatzaileak lanean. Jaiak prestatzean, batez ere, gehienen begizko jopuntuan egoten direlako.
Behingoz udako giro etiko-politikoa. Errepikakorrak izan dira argudioak Bilboko jaietako Tanganaren kontzertuaren gaineko eztabaidan. Matxismoa vs. adierazpen askatasuna, zenbait aldaera txikirekin, hala nola giza eskubideak eta diru publikoa. Artista protagonistak, berriz, musikaren balio hezitzailearen gaia mahai-gaineratu du, arrakasta txikiz, ene ustetan.
Udalon eginbeharretara etorri behar dugu nahitaez, beraz. Jaiak hezitzaileak izan behar dute? Adierazpen artistikoak batzuentzako mingarriak izan arren, espazio publikoa merezi du artea izateagatik? Denon diruaz ordaindu behar da gehienei gustatzen zaiena/ez zaiena? Publikoaren gustuak gidatu behar du nagusiki programatzailearen hautapena? Plazetan umeen aurrean edozein mezu zabal daiteke, adierazpen askatasunaren izenean?
Sinetsi horiek guztiak daudela programatzaileen egunerokoan. Eta gehiago. Administrazioak ildo estrategiko zeharkakoak izaten ditu: euskara eta berdintasuna nagusi dira gaur egun edozein alorretako langile publikoren jardunean. Horiek jarraitzeak gainerakoak zentsuratzea esan nahi du? Hautapen guztiak dakar definizioz hautagai batzuen baztertzea.
Zentsura hitz gogorregia arintasunez erabiltzeko. Hanka-sartzea Tangana jaietako udalaren egitarauan programatzean ikusten dut, ez ostekoan.

Anboto Astekarian argitaratua 2019ko irailaren 13an