2020(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

Kuxkuxeroak

 Lagun bat Facebooken zerk dibertitzen duen irakurtzean harridura nozitu dut. Estimatua dut bera, estetika ulertzeko duen moduagatik, besteak beste. Esteta izatea jarrera da bere bizitzan, esango nuke. Finetan finenetakoa.


Facebookeko bere profila nork kuxkuxeatzen duen kuxkuxeatzeak dibertitzen omen du bera.


Harritu behar ote ninduen pentsatzeari ekin eta estatistika bat gogora: ikusezin bagina, zer egin nahi izango genuke gutako gehienok? Hona galderaren erantzunik ohikoena: kuxkuxean aritzea, hots, inork ikusten ez gaituela, inori so egotea.


Onartu dezagun nahi hori gu guztiongan dagoela, gizakiaren izaeran dagoela. Onar dezagun honakoa baita: inoren etxe barruan gertatzen denetik, guztia jakin nahi dugula, ez bakarrik maindire arteko kontuak. Guztia. Afaria prestatzen denbora ematen dute ala hozkailutik ateratzen den lehena jaten? Nork lixatzen du etxean eta zer lixatzen du? Eta zer ez? Etxekoetan nor da maitakorrena? Nor agintariena? Telebistako zeintzuk saio ikusten dituzte? Etxean otso da kanpoko usoa? Gure Facebookeko horma begiratzen ari dira? Gutaz hitz egiten? Gure etxeko horma atzean kuxkuxeatzen, akaso?


Hitchcock-en filmeen arrakastaren giltzetako bat gugan suspensea erabiltzeko zuen
maistratasuna zen: Rear window izenekoan hasieratik James Stewart-en konplize egiten gaitu. Filmeak protagonistaren prismatikoen atzean izkutatzen gaitu begira jakinminez. Gaixotasunak leiho ondotik mugitu ezinik duen horrentzat bizikide guztiak dira behatuak izateko onak: eskultorea, ezkonberriak, txakurraren jabe biak, pianojolea zein emakume erromantikoa.


Unibertso txikia osatzen da Manhattaneko bizikideen patioan, pertsonaia guztien bizitza
aurreko jarrera desberdinen batuketa baino ez dena. Durangaldeko patio bakoitzean mundu osoa dagoen bezalaxe.


Irudikatzen dut lagun esteta hori, James Stewart bezala, oina igeltsuan duela, leiho bakoitzeko bizitza bakoitzean edertasuna bilatzen eta topatzen. Bere begietatik ikusi nahi dut eta berari ere begiratuko nioke, bai.

Anboto Astekarian argitaratua 2020ko urriaren 16an

2020(e)ko irailaren 10(a), osteguna

Zerbait ikasi

 

Adela Cortinak filosofoak esana: “honetatik zerbait ez ikastekotan, jai dugu”. Turismoak, ostalariek, gazteek, egoitzen kudeatzaileek, aisialdi programatzaileek, soinu teknikariek, kazetariek, gurasoek, eskoletako kurrikulum egileek, … Sektore asko aipatzen dira sasoi honetan eraldatzeko beharretan direnez aritzean.

Bazterrik bazter hitz bera: ikasi. Nor da eraldaketarako unibertsitateko irakaslea, ordea? Galdera horren erantzunak arduradun bat edo beste ipiniko du jopuntuan.

Maizegi, nire ustetan, entzuten ditugu hitzok gure ezbeharren jatorri gisa: gobernua, legegilea, araua, epaia, nazioarteko ekonomia, kapitalismoa, mundu globalizatua,... Potoloetan potoloenak. Arduradunetan arduradunenak. Galdetuko nuke zenbateraino ez ote diren kontzientzia lasaigarrietan lasaigarrienak ere. Gizarte eraldaketarako ateak ixten dizkiotenak, behintzat, norbanakoaren ekimenari.

Beste hitz bat. Ederra honakoa. Eskarmentua. Gaztelania ere buruan dugunok, bi kontzeptu lotzen ditugu hitzarekin batera datorkigun esanahian. Horrexetan bere edertasuna. Horrela ulertzen dut Adela Cortinaren esaldia.

Eskarmentuak, ordea, gizartekoa eta norbanakoa ere badenez, eraldaketarako beharra geure sentiarazten digu. Etxealdian batak elikadura hobetu duela, besteak jarduera fisikoan tematiago jokatuko duela, hau umeekiko tarte gehiago bilatzekotan da eta hark kultura kontsumitzeko bide berriak topatu ditu.

Irakaslerik onena aukeratu dugu. Norbera. Eskarmentua. Bi esanahiak bat eginda. Berak eman dizkigu bai diagnosia eta baita erremedioa ere.

Gizartearen antolaketa dela-eta, gogora datorkit Rousseauren kontratu soziala. Frantzia iraultzaren ateetan zegoela, imajinatzen ditut herritarrak estatu araugilearen beharraz eta norbanakoen askatasunaren garapenaz eztabaidatzen. Kontratu soziala alde guztien erantzunkizunak batzeko eta gizakiaren eta gizartearen eskubideak garatzeko tresna hipotetikoak despotismora eraman gaitzake edo Liberté, Egalité eta Fraternité-ra.

Anboto astekarian argitaratua 2020ko irailaren 4an

 

2020(e)ko ekainaren 12(a), ostirala

Normaltasun berria


Astearteko Berriako titularra: Hego Euskal Herriko «normaltasun berrirako» araudia onartuko dute gaur. Hegoak zabaltzean lehengora itzuli nahi/behar/ahal dugun ez nago seguru.
Normaltasun hitzak ez du irudi bera guztion begietara ekartzen erreferenteen mundutik. Batzuek tabernak beteta eta beste batzuek tarte zabalekin irudikatzen dituzte normal entzutean. Umeak koltxonetatan salto eta garrasika batzuek, umeak museoetan isil eta trankilago besteek. Gazteenen kale zurruta monumentuen oinetan, plazetan eta mendian batzuek eta gazteak alternatiben sorkuntzan hango haiek. Aisialdiaz gozatzeak, ez du esanahi jakinik.
Asteartera arte ez ditugu irudikatu gure herrietako kaleetako aisialdia, harremanak, ohiturak eta jarrera aldatuak? Astea joan astea etorri, begiak zabalago balkoiratu ditugu, zabalago harriduraz eta zabalago argitasunez: boteredunen motibazio ekonomikoa, planetaren hauskortasuna, bizimoduaren aldagarritasuna... Zertaz ez ote gara jabetu.
Kezkatzekoa iruditzen zait geure bizitzen kontrolik ez izatea zein erraz eta pozik barneratu dugun. Osasun kontuez haratago –betidanik Akilesen orpotik eraso gaituzte-, bizitzako alor guztietan erabakitzeko eskumena onartu diegu: aipatu aisialdiaz eta baita sexualitateaz ere. Osasun agintaritzaren gomendioak jarraituz, segi dezagun lehengo normaltasunera. Dekretuz.
Hau ere gure esku dago. Historiara begiratuz gero, krisialdietatik eraldaketa datorrela ikusi dugu. Gogoetetatik ikasi dugunaz eraikitzeko aukera da.

http://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto Astekarian argitaratua 2020ko ekainaren 6an.

2020(e)ko otsailaren 17(a), astelehena

Otsaila eta apirila


Argitasuna, eguzkia eta ilargia, egunaren iraupena, landareen zikloak, lurraren aldaerak eta hozberoa zituzten inspirazio nagusi gisa hilabeteak izendatu zituzten euskaldunek. Ondokoa diote hiztegiek otsail eta apirilari buruz.
Otsailabarandaila, barantaila, zezeila edo kataila bi garairen arteko mugarria da. Otsoen hila ere bai.
Apirila, gorraila, jorrailla, apiribila. Jorratu egin behar da jorrailean: lurra apur bat harrotu, alferrikako belarrak atereaz. Landu adierazteko ere balio digu jorratu-k. Eta baita gaizki esaka aritu edo kritikatu esateko ere.
Apirilean hauteskundeak. Uzta nagusia prestatzeko garaia. Gero gerokoak baina apirilean apirilekoak.
Martxoa dago otsail eta apirilaren artean, Marte jainko gudariaren omenezkoa. Jainkoen laguntza eskatu, armak garbitu eta aurrera.
Sineskeriazaleek badute zer gehitu bisurteek historiako lerroetan idatzitakoari: Titanic, Auschwitz, Gandhi eta beste batzuen erahilketei Zaldibarko katastrofea gehitu behar. Otsailak erabaki du 2020 bisurtea izatea. Aurten inoiz baino gehiago Zaldibar inguruan gehiegizko egun bat izan du otsail honek.
Langileak lur azpian daudela, hauteskundeetarako helburu nagusiak zerrendatu beharra beste behin ere. Propaganda idatzi beharra ekologia, solidaritatea, eskubideak, elkarlana eta herrigintza hitzak hizki larrietara ekarriz, ikara barik.
Bisurteetan uzta guztiz ona edo guztiz txarra izaten omen da.
Otsailean lainoa noraino, elurra apirilean haraino.

*http://josunearanguren.blogspot. com/

Argia Astekarian argitaratua 2020ko otsailaren 14an

2020(e)ko otsailaren 11(a), asteartea

Jendajeak



Jendajeak

Ultraeskuindarren gorakadak eta udalaren zurrumurruen aurkako ekimenak behar berari erantzuten diote? Jendajeak ere kultur estereotipoak dira. Erlojua soinean duela alanbran lixiba zabaltzen duen urlia maketoa, inori klaskada entzunarazteko leiho bazterrean arrautzak irabiatzen dituen sandia kanpotarra eta bertokoena baino negar zaratatsuagoa duen nonbaiteko berendia. Trenak ekarritakoak. Ijitoen gurditik eroritakoak. Ez gutarrak. Hezurbakoak, belarrimotzak. Jende-modua.
Etxean jaso ditugun estereotipo nagusiak jatorrian eta etnian sustrai hartuta daude. Geure nortasuna indartu eta ondorioz, inor baztertu. Taldea garela adierazi nahi eta bide batez, gure gizartean ez daudela argi utzi. Berdinak garela aldarrikatu eta nahitaez, desberdinak direla azpimarratu. Beste talde batekoak. Jendaje taldekoak.
Kultura desberdinak erkatzen direnean parametro unibertsal batzuen bitartez egiten da. Hofstedek “burmuinaren softwarea” deitzen dio modu adierazkorrean kulturak erkatzeko bost dimentsioen formulazioari. Sailkatzeko lana errazteko, zein kutxatilatan sartu erabakitzen laguntzen diguten parametroak dira.
Kontua da taldekatze horiek gizartearen mugimenduak ere eragiten dituztela. Identitate soziala eta talde fusioak kezkatzen gaituen garaian, euskaldun eta euskal herritar taldeei batzen bagatzaizkie, horiexei identitatea ematen diotena indartzeko izan dadila. Talde psikologia praktikoa dakiguke nolakoak garen gogoeta egiteko, nolakoak ez garen baino hobe.


Anboto Astekarian argitaratua 2019ko azaroaren 15ean