2014(e)ko urtarrilaren 24(a), ostirala

LIPUS vs SHAKESPEARE

Heriotza, eromena, mendekua, zalantza, traizioa, boterekeria, familia, ustelkeria, errealitate eta ilusioaren arteko jolasa,… Galderaren aurrean bageunde, horiexek direla esango genuke Hamlet garatzen duten ildoak.

Historian tragediarik antzeztuenetakoa izango da, beharbada. Gai unibertsal horiek guztiak, dakigunez, zalantzaren geruzapean estali zituen Shakespearek. To be or not to be. Tha’s the question. Galdera bakarra. Mendeku hartu ala ez. Zalantzaren prototipoa da Hamlet, gizakiaren izaeraren muinean loturik den adimena eta borondatearen arteko borroka, arrazonamendua eta sentsibilitatea. Nahia eta ezina. Burua eta tripa. Zer gara gu gogoeta barik? Ekintzaile hutsak?

Antzina Danimarkan kontatzen zen legenda batek emozioa sorrarazten zuen belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen zenean. Horregatik jaso eta bilduko zuen apaiz hark XIII. mendean, seguru asko. Eta hirurehun urte beranduago inoizko drama egilerik handiena izendatua izan den Shakespearek berriro ere jaso eta beste errealitate batera egokitu zuen.

Paperean euskaratua bagenuen arren, euskal oholtzetan ikusteke oraindik  Artedramak begi aurreetara ekarri digun arte. Beste laurehun urte geroago.

Gai existentzialisten pribilejioa da mendeetan zeharreko jauzi-jauzika hori. Gaurkotasuna zer den ederki erakutsi zigun Lipusek: gure barneetako fantasmak edozein egoera, liskar, arazo edo bizipenen aurrean, berberak dira.

Eta horregatik maite dugu antzerkia. Taula-gainekoak  geu garelako. Barneak astintzen dizkigulako.

Shakespearek goia jo omen zuen lan honekin. Antzezlanaren barruan antzerkia egin zuelako. Lipusek beste pauso bat eman nahi izan du. Baina, hori ez desbelatzeko eskatu zigun ikusleoi… Noraino, txo?

Eskerrik asko honelako bizipenak posible egiten dituzuen guztioi. Programatzaileei ere bai.

 

Josune Aranguren

Durango

2 iruzkin:

  1. Dudaren geruzapean bihotzaren dardara. Humanismoaren lanbropean apenas lurperatutako gorpuen formek ezin dituzte bere itzalak lurgainean marrazten duten paisaian proiektutatu, ez baitago ilargirik mende berri honetan. Horren armaturik dagoen poterearen aurrean, horren herri desarmaturik. Armak dira besoak, ingelesez, ezta? Horren besarkadazale den poterearen aurrean, besorik gabeko herria, herri desmenbraturik, zatikaturik. Bihotz saminduak, ekintzarako tresnarik gabe. Aita gaixoaren oroimen galkorrak alabaren gogoa lausotzen. Mundu gerren mendea, genozidioen mendea, totalismoaren mendea eta kapitalismoaren arrakastaren mendea izan zen langileen mugimenduaren mendea, langileen iraultzaren mendea. Mende berriak desengainuaren mendea izan beharko luke. Baina Danimarkako kiratsak, gorpuen usteltze moteletik isurtzen den humanismoaren bafadak, beste zerbait eskatzen du. Lau mende ostean, aitaren mamuak euskaraz lehen aldiz hitzegin digunean, ez digu bere heriotza mendekatzea eskatzen, geurea baizik.

    ErantzunEzabatu